«Ijitook eta euskaldunok gauza asko ditugu komunean»
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatuko du lehenengoz Errenteria-Oreretak Kamelamos Adikerarren eskutik. Antitziganismoa eta ijitoen gaineko aurreiritziak borrokatzea dute helburu, ezagutzaren bidez.
Lehenengoz ospatuko duzue Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna herrian.
Guretzat garrantzitsua da. 1971ko apirilaren 8an Erromanien lehen kongresua egin zen. Horrek bandera bat eta ereserki bat eman zizkigun, horien gainean, giza eskubideen aldeko borroka abiatzeko. Herriaren integraziorako eta aurreiritziei aurre egiteko ezinbestekoa izan zen. Donostian ospatu izan dugu, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. Eta zergatik ez Errenterian, gure herrian? Ospakizun eguna da, baina batez ere aldarrikapen eguna. Izan ere, herrian egiten ari garen lanketa gorabehera, behar handia ikusten dugu aurreiritzi eta arrazakeriaren gainean lanean jarraitzeko. Egin ditugun inkestetan nabarmen gelditu da, batez ere, ijito emakumeen gainean jendartean zabalduta dagoen irudia: baztertuta dagoen emakumea da, ikasketarik gabekoa, etxean sartuta dagoena. Ez da horrela. Ijito emakumeak independenteagoak dira, eta badirudi gizartea duela 40 edota 50 urteko ispilutik begira ari dela.
Zein aurreiritzi daude ijitoen gainean? Nola ikusten zaituztete?
Beti ideia berak errepikatzen dira: alperra, zikina, ez oso azkarra, moldatu gabekoa. Horiek betetzen ez dituzten ijitoekin topo egiten dutenean, zalantza sortzen zaie, ‘eta zu ijitoa zara?’. Ijitoa izatea zailtasun gisa aurkezten da gizartearen gehiengoaren aldetik, sozializatzeko edo lana aurkitzeko. Ez badugu aipatzen ijitoak garela ez da arazorik, baina aipatzen dugun unean, talka bat ematen da benetan zarenaren eta gizarteak duen irudiaren artean. Errealitatearen eta errealitate subjektiboaren arteko talka hori etengabea da.
Zer suposatzen du etengabean aurreiritzien menpe bizi behar izateak?
Ijito herrian pentsamendu, kultura, eta itxura aniztasun handia dago. Ez gara berdinak ijito guztiak, eta ez gara ere berdin bizi. Hasieran aurreiritzien biktima zara, eta sufritzen duzu ahalduntzen zaren arte. Sufritzen dute eskolara doazen haurrek entzun behar dutenean ‘zertarako ikasiko duzu merkatu txikian salmentan bukatuko baduzu?’. Etengabe nabarmendu behar dugu zein onak garen, gaiztoak garela pentsatzen duelako beti jendeak. Nik ikasi dut horren gainetik egoten, eta nire burua aurkezten dut naizen moduan; onartzen banauzu ongi, eta bestela ere.
Lehen aldia da Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatuko duzuela Errenteria-Oreretan, baina Ijito Astea antolatzen 21 urte daramazue. Ibilbide horretan hobera egin du zuen komunitatearekiko pertzepzioak?
Bai, aldatu da, noski. Egiten den lan guztia ez da alperrik galtzen, baina egia da ere edozein gertaeraren aurrean ijitoa den norbait tartean bada, komunitate osoari eragiten diola, zerikusirik ez baduzu ere. Harro gaude talde bateko kide izatearekin, Erromani izatearekin, baina negatiboa dena behin eta berriz nabarmen jartzea eta komunitate osoari egoztea ez zaigu bidezkoa iruditzen.
Errenteria-Orereta zerbait bada, anitza da.
Gehiago egunetik egunera, gainera. Lanketa eta urrats ugari egiten ari da udala ere bide horretan. Batzuetan, oztopo bilakatzen diren eta txikikeriak diruditen trabak izaten dira bidean. Antitziganismoa —Ijitoen kontrako arrazakeria— aipatu nahi dut, badagoelako, eta izena jarri behar diogu aurre egin eta ezabatuko badugu. Urteetan eta urteetan zehar izan da indarrean jarrera hori, eta ezingo da egun batetik bestera aldatu. ‘Ijitoa baino zikinago zoaz’ esaldiaren modukoak erabat barneratuta daude gizartean, jendeak maleziarik gabe erabiltzen baditu ere gehien-gehienetan.
Agian tarte bat hartu eta pentsatu behar dugu nola hitz egiten dugun. Hezkuntzak landu beharko luke hau guztia. Garabide elkartearen bidez hitzaldiak ematen ditut batxilergoko ikasleekin. Ijito kulturaz inoiz gelan hitz egin ote dieten da egiten diedan lehen galdera. Erantzuna, jakina, beti ezetz da. Historia horri balioa ematea garrantzitsua da aurreiritziei aurre egiteko.
Ijito edo Erromani. Zeinekin identifikatzen zara gehiago?
Egia esan ez dut arazorik ijito hitzarekin, intentzioa da garrantzitsua. Egia da euskaraz adiera ezkorragoa duela ijito hitzak, motxaileak, buhameak duten bera. Alde positiboan kokatu behar dut euskaldunok eta ijitook gauza asko ditugula komunean: hizkuntzaren, ohitura zein gure kulturen jazarpena adibidez. Oso identifikatuta sentitzen gara.
Zergatik hartu behar dute parte herritarrek antolatu dituzuen ekintzetan?
Ijito herria lehen eskutik ezagutu eta aurreiritziak ezabatzen has gaitezen; ezagutza da horren gakoa.
Eskaera bat ere badut. Ibaiaren zeremonia egin ahal izatea gustatuko litzaiguke 2025eko apirilaren 8an. Holokaustoaren zein historian zehar antitziganismoaren biktimak izan direnak oroitzeko ekitaldia da. Beste herri batzuetan egin ohi da. Oiartzun ibaian gustatuko litzaiguke egitea, petaloak botatzen dira. Baina hortik harago oinazea partekatzeko eta aitortzeko aukera bada, aitortza ezinbestekoa delako zauriak ixteko.
Ijito komunitatearekiko diskriminazioa mahai gainean jarriko da.
— Txokolo (@guadianak) April 6, 2024
Kamelamos Adikerar Ijito Elkarteak Errenteriako Ijito Herriaren Nazioarteko lehen eguna ospatuko du apirilaren 8an. Datorren asterako, egitaraua zabala ondu du elkarteak. pic.twitter.com/Ly8wgFCYuC