Gutxieneko pentsioen osagarria "bermatzeko" Gasteizera deitu du Duintasunak
Hauteskunde kanpaina betean, alderdi politikoei bereziki, konpromisoak eskatu dizkio pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsioak eta zaintza sistema publiko duina berma ditzaten.
Bizitza eta zahartzaro duinen aldeko aldarria kalean izan da gaur, berriro. Duintasunak hileko mobilizazioa egin du gaur eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko aldarria lau haizetara zabaldu du. Horrekin lotuta, urte honetan bertan gutxieneko pentsioen osagarria hamalau ordainsaritan indarrean jartzeko eskaera erdi-erdian jarri dute pentsiodunek gaurko protestan, eta Gasteizen hilaren 18an —osteguna— antolatu duten manifestaziora batzeko deia zabaldu dute. Egun horretarako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak EHPM mobilizaziora deitu du, eta bertan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietako pentsiodunen plataformek hartuko dute parte. Bertaratzeko autobusa antolatu dute eta interesdunek Duintasuneko kideekin harremanetan jarri beharko dute izena emateko; prezioa, 10 euro.
Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira hilaren 21ean, eta Duintasunak, jakin badaki une ezin egokiagoa dela pentsio duinen aldeko konpromisoak eskatzeko. Hala jakinarazi dute gaur bildutakoek, “helburu nagusia aurten 1.080 euro arteko gutxieneko pentsioen osagarria defendatzeko beharra eta konpromisoa alderdi guztien agenda sozial eta politikoan jartzea da. Jakina, EHPMk lortu nahi duena da Legebiltzarreko gehiengo bat hurrengo hauteskundeetatik ateratzea konpromiso hori bere eginda, eta osatuko den hurrengo gobernuaren aurrean baliaraztea, ahalik eta eperik laburrenean aplika dezan”.
Lakuaren zaintza itunari kritika
Zaintza ere erdigunean, ezinbestean, gaurko protestan. Lakuak bultzatutako zaintza ituna izan dute hizpide, baita horren gainean Babestu Bizkaiak, Gipuzkoako Senideak, eta Zaintza Araba egoiliar eta erabiltzaileen senideen elkarteek itun horren gainean egindako balorazioa: “Fartsa bat dela salatu zuten erabiltzaileen senideek. Zerbitzu horien pribatizazioa, eta bizi diren lekuaren arabera dauden aldeak kritikatu dituzte, gainera”.
Gogor salatu dute gainera, EAJ eta PSE-EEk ez dutela “urratsik egin” zaintza eredua aldatzeko, “gainera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, lurralde bakoitzean, hiru sistema ditugu bakoitzak bere aldetik garatzen dituen zerbitzuekin, eskaintzekin, gabeziekin, prezioekin eta proposamenekin. Hori bai, hiruretan bat datoz ahal izan duten guztia probatizatzea, erabiltzaileen lege erregularizaziorik eza, eta lan prekarietatea”.
Zaintza ituna beste eragile, alderdi politiko eta erabiltzaileen senideekin eztabaidatu eta negoziatzeko borondate falta ere nabarmen jarri dute, “Iñigo Urkullu buru duen gobernuak argi utzi du ez duela horretarako borondaterik”. Harago ere jo dute pentsiodunek eta salatu, Lehendakariak ez diola erantzun mugimendu feministak joan den urteko azaroaren 30eko greban planteatutako eskaerari.
Zaintzaren auzia erdi-erdian jartzeko eskatu diete azkenik pentsiodunek, “zaintzen euskal sistema errotik hobetzeko” interesa duten erakunde guztiei, eta bereziki alderdi politikoei, “zaintzak nolakoak izatea nahi dugu sakon hausnartuta, hauteskunde kanpainan gaiari dagokion garrantzia emanda”.