Nerabeen buru osasunari buruzko saioa, hilaren 30ean
TREBA egitasmoko saioa egingo dute, Estibaliz Ansotegi psikologoarekin. Gurasoei zuzenduta egongo da hitzaldia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, TREBA egitasmoko 28 saio egingo dituzte urte osoan zehar, Gipuzkoako hainbat eskualdetan. Haur, nerabe eta gazteen etorkizuna lantzea dute helburu.
Datorren hilean bederatzi izango dira saioak, nerabe eta gazteen buru osasunari buruzkoa, eta horietako bat Oiartzunen izango da. Hilaren 30ean —asteartearekin— izango da, eta Estibaliz Ansotegi psikologoak gidatuko du, 17:00etan hasita.
Udaletxeko pleno aretoan izango da, eta gurasoei zuzendutakoa izango da saioa.
Buru osasuneko arazoak, gora
Aldundiko Gazteria departamenduak jakinarazi duenez, 2018an egindako azterketa baten ondorioa izan zen 15 eta 29 urte arteko gazteen %8,3k antsietate edo depresioa pairatu zuela.
Jarraitu dutenez, buru osasuneko profesionalek arazo emozionalen handitzea nabaritu dute azken urteetan. “Tristezia, bakardadea eta antsietatea dira arazo nagusiak, aisia eta harreman murrizketei lotuta”.
TREBAren helburuak azaldu ditu Goizane Alvarez Gazteria diputatuak. Alde batetik, gazteei erremintak ematea, eguneroko arazoei aurre egiteko. Bestetik, gurasoei ere tresnak helaraztea, deserosotasun, antsietate eta jazarpen kasuak identifikatzeko.