'Valladolid a escena' lehiaketan libreto originalenaren saria eskuratu du Mikel Sarasolak
Apirilaren 1ean Valladolideko Laboratorio de las Artes de Valladolid-en jaso zuen saria 'Silla del diablo' antzezlanagatik.
Aurten lehen aldiz antolatu dute ‘Valladolid a escena’ mikroantzerki urbanoaren I. Nazioarteko Lehiaketa. Interesdunek 2024ko urtarrilaren 31era arte izan zuten lanak bidaltzeko aukera. Ondoren, epaimahaikideek sei lan finalista aukeratu zituzten. Horien artean aurki zitekeen Mikel Sarasola Mendizabal errenteriarraren ‘Silla del diablo’ antzezlana.
Martxoaren 16an Valladolideko Fabio Nelli jauregi eta museoan egin zuten antzezlanak aurkezteko ekitaldia. Goizeko 11:00etan eman zioten hasiera lehen antzezlanari. Valladolideko kondaira edo pertsonai historiko bati buruzko lan bat aurkezteko eskatzen zuten antolatzaileek. Sarasolak deabruaren aulkiaren kondairari heldu zion. “Kondaira horren arabera eserleku horretan esertzen den oro hiru egunen bueltan hiltzen da” azaldu du Sarasolak. Aulkia antzezlana aurkeztu zuten museoan dago ikusgai. Antzezleak Sarasola bera, Samuel Díaz eta David Varela izan ziren. Obrak lapurreta baten istorioa kontatzen du. Hiru dira protagonistak: bi lagun eta horietako baten anaia. Museora lapurreta bat egiteko asmoz sartzen dira. Anaia gazteak jakintza informatikoak ditu eta alarma desaktibatzeko erabiliko dute. Lapurtzen hasi eta anaia gazteak deabruaren aulkia begiz jotzen du. Hor hasten da trama. “Aulkiak bakoitzaren barruko deabrua edo barruan ezkutatuta dugun hori ateratzen du” nabarmendu du egileak.
‘Silla del diablo’ antzezlanak libreto originalenaren saria jaso zuen. Bigarren aldia da errenteriarrak gidoilari gisa sari bat eskuratzen duena. Aldi honetan, baina, “sekulako sorpresa” izan zela eta “ilusio handia” egin diola kontatu du alaitasunez gazteak. “Esperientzia bikaina izan da. Museoak erromatar koliseo baten antza zuen, aretoan zehar balkoiak zeuden eta jende asko etorri zen ikustera”. Lehiaketa interneten ikusi zuen eta gaiak motibatuta berehala aurkeztea pentsatu zuen. Gidoia prestatu eta haren lana finalisten artean zegoela esan ziotenean aktoreak bilatzeari ekin zion. Madrilgo Réplica Teatro antzerki eskolan aurkitu zituen Samuel Díaz eta David Varela. Sarasola bera ikaslea da bertan. Hasieran beren ideiak eta iritziak jaso eta ondoren, entseatzeari ekin zioten. Aktoreak zuzentzea aukera berri bat izan da Sarasolarentzat: “esperientzia berria zan da, ez dut horretan ikasketarik. Ni beste aktore bat naiz. Beti pentsatu izan dut ereduarekin ikasten dela, eta beraz, beste aktoreek zerbait egitea nahi banuen nik erakutsi behar niela. Ez da erraza izan. Klaseetan irakasleek nola erakusten diguten ikusteak lagundu zidan”.
Asko entseatu ondoren, martxoaren 16a izan zen landutako guztia erakusteko eguna. Egun hori erraz ahaztuko ez duen horietakoa izan zen. “Berandu iritsi ginen, txandalean, ikuslegoari tokia uzteko eskatu behar izan genion eta ez genuen entseatzeko denborarik izan”. Inprobisatu behar izan zuten arren muntaia “oso ondo” geratu zela aitortu du Sarasolak. “Pistola bat erosi nuen eta baita odol faltsua ere. Antzezlana egin ondoren epaimahaikideak etorri ziren galdetzera ea benetako odola erabili genuen”. Epaimahaikideez gain ikuslegoa ere harritu zutela azaldu du. “Gure lana akzio-erreakzio estilokoa izan zen. Nire ustez horregatik irabazi genuen. Gainontzeko testuak oso klasikoak zirelako, Shakespeare edo poesia klasikoko estilokoak”. Apirilaren 1ean Valladolideko Laboratorio de las Artes de Valladolid-en jaso zuen saria.