"Bortxazko langileen bizi baldintzak oso-oso eskasak ziren"
‘Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942’ liburua egin du Barcenillak, Etxetxoren ekimenez. Atzo aurkeztu zuten argitalpena bete egin zen Gezala Auditoriumean.
Atzo aurkeztu zuen Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeak, Miguel Angel Barcenilla historialari eta egilearen azalpenekin, Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942 liburua. Bete egin zen Gezala Auditoriuma aurkezpenerako. Fernando Mendiola Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialari eta irakaslea izan zuen lagun agerraldian Barcenillak, eta Iñaki Labaka abeslariaren emanaldia ere izan zen. Frankismoak herrira bortxazko lanak egitera ekarritako 5.000tik gora pertsonen memoria aitortzea du ardatz liburuak. Dokumentazio eta ikerketa lan izugarri handia egin du Barcenillak.
Zein da egin duzun liburuaren misioa?
Liburuak txosten historiko bat du abiapuntu, Iparragirreko trabajadoreen barrakoiak babesteko egin zena. Izan ere, Oarsoaldean eta Bidasoan frankismoaren bortxazko langileen hamahiru kanpamendu izan ziren, eta horietatik egun mantentzen den bakarra Iparragirrekoa da, besteen aztarnak oso murritzak dira. Hortaz, hori legez babestea eskatzeko eta memoria leku izendatzeko txostena egin zen, eta horri begira jasotako datu eta informazioaren zati handi bat ekarri dugu liburura.
Gerra presoak eta Francoren erregimenarekin bat ez zetozenak eramaten zituzten zigor kanpamendu horietara; baina horietako gehienek ez zekiten zergatik hartu zituzten gatibu, ezta zenbateko zigorra bete behar zuten ere. Ez ziren ez epaituak ez eta kondenatuak izan.
Iparragirreko barrakoiak lur pribatuetan daude.
Bai, eta lurraren jabeek salgai jarri dute eremua. Ez dakigu nor izango den hurrengo jabea, ezta barrakoiekin zer egin nahiko duen ere. Etxetxoren asmoa da horiek babestea, herriaren memoria historikoaren zati garrantzitsu direlako. Hasiera batean kultur ondare izendapenarekin saiatu ginen barrakoiak babesten, baina Jaurlaritzatik esan ziguten hobe zela ikuspegi historikotik eskatzea babesa, hori baita barrakoiek duten benetako balioa. Liburuaren abiapuntu den txostena ikuspegi horretatik dago jorratua, eta agiri horretan oinarrituta egin dut liburua.
Bortxazko lanetan 5.000 pertsona izan ziren Lezon.
Lezoko lurretan, berez, bi kanpamendu izan ziren, Errotetakoa eta Iparragirrekoa. Baina Lezon izan ziren Francoren erregimenaren militarren agintepean beste hiru zeuden: egungo Jaizkibelgo eremu militarrean zegoena, Pasaiako lurretan; eta Gaintxurizketan beste bi, Hondarribiko lurretan. Eta bai, kanpamendu horietan izan ziren 4.800dik gora pertsonaren izen-abizenen zerrenda osatu dugu, eta ziur nago gehiago ere izan zirela. Izan ere, agiri den-denak ez ditut lortu, eta horregatik esaten dut 5.000 baino gehiago izan zirela inguruan esklabo lanetan izan zirenak. Ustekabea izan da kopuru hori niretzat, asko eta asko direlako. Bederatzi batailoi izan ziren hemen. Pentsa: gerraondoko urte horietan Lezok 2.500 biztanle zituen.
Trabajadore asko Euskal Herritik kanpokoak ziren.
Gehienak. Hasieran iritsi ziren gerra preso gehienak Andaluziakoak, Kataluniakoak, Asturiaskoak eta Gaztela Leongoak izan ziren, beste askoren artean. Horietatik hemezortzi era batera edo bestera hil egin ziren.
Herritarrekin harremana izan zuten, emakumeekin batez ere. Zergatik?
Bortxazko langileen bizi baldintzak oso-oso eskasak ziren. Hasiera batean, presoen multzo bat baserri batzuetan sartu zuten, baina horietan lekurik gabe geratzen hasi ziren. Pentsa, mendian, Sotxo aldean adibidez, zuloetan lo egiten zuten askok; maindire batzuk zituzten bakarrik estaltzeko. Geroago erabaki zuten kanpamenduak egitea, preso asko zituztelako. Baina kanpamenduetako barrakoietan ere oso bizi baldintza umiliagarriak zituzten.
Herriko jendearekin nolabaiteko harremana izan zuten batzuk. Adibidez, igandetan eta jaiegunetan mezara, herrira, jaisten ziren gatibuetako batzuk. Lezoarrek orduan ikusten zuten zer nolako itxura zuten presoek, liburuan haien deskripzio batzuk azaltzen dira. Oinutsik ere ibiltzen ziren presoak, eta gose ziren. Plazan zigor publikoak ezartzen zizkieten. Lezoar asko hunkitu egin ziren haien egoeragatik, eta herriko emakumeek laguntza eman zieten askori, batez ere arropa garbitzen, edo otartekoren bat ematen haien etxe aurretik pasatzen zirenean.
Memoria historikoa berreskuratzeko lanean, bortxazko langileen gaia bigarren lerroan al dago?
Bai, uste dut bazterrean gelditu dela gaia. Beharbada hobi komunen gaia ikusgarriagoa izan daiteke, oso latza delako gai hori, eta beharrezkoa da zentzu horretan egiten ari den lana. Baina trabajadoreen kasuan frankismoaren errepresio sistemaren atal guztiak daude barnebilduta, eta gainera, milaka eta milaka izan ziren hori jasan zutenak. Liburua, azken batean, Lezoko memoria historikoa mantentzeko eta trabajadore haiei aitortza egiteko liburua da.
Bete egin zen atzo arratsaldean Gezala Auditoriuma liburuaren aurkezpenerako. Lehenik, trabajadoreen garaia bizi izan zutenen testigantzak proiektatu zituzten, ondoren Iñaki Labakak gaiarekin harreman zuzena duen abestia eskaini zien antzokia bete zutenei, eta ondoren eman zituzten liburuaren gaineko azalpenak Miguel Angel Barcenillak eta Fernando Mendiolak.
Dimentsio handiko lana izan da Barcenillak egindakoa, 200 orrialdekoa (euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du Etxetxok). Hala, Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942 liburua atzo bertan hasi ziren banatzen Lezoko memoria historikoa berreskuratzen ari den taldekoak. Aurrerantzean, Lezoko Udaleko Kultura Aretoan (Donibane kalean dago) eskuratu ahal izango da argitalpena.