Tiroketak eta aldaketak Donibanen, zinemagatik
'Ya no quedan junglas adonde regresar' filmaren hainbat zati Donibanen grabatuko dituzte hilaren 15etik 22ra.
Ya no quedan junglas adonde regresar filmaren hainbat pasarte grabatuko dituzte Donibaneko plazan eta inguruetan. Gabriel Beristain da zuzendaria. Grabazioak hilaren 15etik (astelehena) 19ra egingo dituzte, baita 22an ere. Horregatik, barrutiaren epizentroan hainbat aldaketa izango direla jakinarazi du Pasaiako Udalak, Udaltzaingoaren bitartez. Grabazioak herritarren mugikortasunean (trafikoan batik bat) eta aparkalekuetan izango du eragina, baina tiroketa baten sekuentzia ere grabatuko denez, zarata ere izan daiteke.
Hilaren 15etik 19ra (ostirala), grabazioak 16:30etik 05:00ak arte (12 ordu pasatxoz, beraz) egingo dituzte. Hilaren 22an, berriz, 09:00etatik 22:00etara. Hala, egun eta ordu horietan, zamalanetarako izan ezik (hilaren 22n bai izango duela banatzaileen artean eragina), ezingo da autorik aparkatu plazan. Gainera, Bizkaia plazan nahiz Nabaldaldean filma egiten ari den lantaldeak erabiliko dituen ibilgailuentzat aparkalekua egokituko dute: bi gune horiek libre egon beharko dute hilaren 15eko 08:00etarako. Hala ere, autoen nahiz oinezkoen sartu-irtenak arautzen izango dira udaltzainak.
Alde Zaharrean garajeak dituztenen edo aparkatzeko baimena dutenen auto bidezko sartu-irtenak baimenduta izango dira grabazioak bitartean, baina Udaltzaingoak aholkatu du horiek goizean egin daitezela, grabazio gehienak arratsaldetik goizaldera artekoak direlako. Larrialdi zerbitzuek une oro izango dute gune historikorako sarbidea bermatua.
Tiroketa
Grabatu beharreko sekuentzien artean tiroketa batena dago. Horrek “zarata desatseginak” eragin ditzakeela jakinarazi du Udaltzaingoak. Horregatik, ekoizleei esan diete eszena horiek gaueko lehen orduetan egin ditzatela, herritarren atsedenaldian ahalik eta eragin murritzena izan dezaten.
