Epaitegiei euskaltzaleen pultsua Pasaian
Pasaiako Udaleko kale garbitzaileen lan deialdietan epaitegiek euskara mespretxatu izana salatu dute gaur pasaitarrek.
Pasaiako Udalaren kale garbitzaileen lan eskaintzan euskararen eskakizuna gutxietsi dute epaitegiek. Horri iritzi eta balorazio bidez jada Pasaiako alderdi politikoek, euskalgintzako eragileek, nahiz gehiengo sindikalak erantzuna emana zioten. Gaur, pasaitarren txanda izan da. Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, irmo erantzun diete herritarrek euskararen normalizazioa oztopatzeko epaitegietatik iritsi diren ebazpenei. Dozenaka izan dira Biteri plazako zabalgunean bildu direnak. Donostiako epaitegiei pultsua egin diete, kalean, pasaitarrek eta deialdiarekin bat egin duten euskaltzale denek. Ez da indar kontua. Eskubide auzia da.
Ordezkaritza politiko oso zabala, herrikoa eta eskualdekoa. Pasaiako eragileen ordezkariak, lau barrutietakoak, asko gainera. Nazio mailako euskalgintzako kideak. Denak bat gaur Biteri plazan, San Fermin elizaren itzalpean. Bokaleko, Pasaiako Udaleko langileen batzordeko, eta Kontseiluko kideek hartu dute hitza elkarretaratzearen bukaeran. Ardura doinua interbentzioetan. Pasaiari eragin dioten sententziak ez dira euskararen normalizazioan erakundeek hartutako neurrien kontra lehenak izan, eta antza, epaitegien erabakiek hala jarraitzeko traza dute. Oldarraldiak jarraitzen du. Kaleko pultsuan, behintzat, euskara garaile gaur Pasaian.
Bakoitzak bere erara, baina den-denek nabarmendu lan publikoetarako eskakizunetan euskararena beharrezko izatea ez dela diskriminatzailea. “Bigarren mailako ofizialtasuna ematen zaio euskarari, eta ondorioz, bigarren mailako herritar izatera behartzen gaituzte. Ezinbestean, behin eta berriro urratzen dira horrela herritarron eskubideak. Ez ditzatela urratu udalarekin euskaraz komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak. Ez hartu Pasaiakko euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoa eragin dezaketen inongo erabakirik”, esan dute Bokaleko kideek.
Udaleko langileek ere izan dute zer esan. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute “Zergatik da diskriminatzailea gutxieneko euskara maila bat eskatzea, eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainerako eskakizunak eskatzea?”, galdetu dute. Udalari deia egin diote epaileek landu dituzten ebazpen horiei helegitea jartzeko, klase poltikoari oldarraldiari aurre egiteko, eta jendertaeri kalera atera dadila euskararen kontrako erasoen aurka aritzeko. Euskal langileei ere eskaera egin diete, lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar izan daitezen. Langileen interbentzio osoa ikusteko sartu hemen.
Kontseiluak, bestalde, Pasaiakoa “luzeegi doan zerrenda bateko azkena” izan dela nabarmendu du. Oldarraldiaren eragina gero eta sakonagoa izaten ari dela adierazi nazio erakundearen eledunak, beraz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina betean, alderdiei eskatu diete euskararen normalizazioaren aldeko eta hizkuntza eskubideen babeserako neurriek “zentralitatea” izan dezatela euren egitekoan: “Euskara lehen lerrora ekarri behar da”.
Txalo erauntsia izan da Biteri plazan elkarretaratzea bukatzeko. Epaitegiek ez dute etsiko, hala dirudi, erakundeen euskara politiketan atzera egiteko misioan. Gaur Pasaian ikusi da erantzunik ez zaiela faltako.