Inork ez du Fanderiako zelaiko horma alaitasunean garaituko
Touringen mendeurrenaren ospakizunekin bukatzeko ekitaldia egin dute: futbol zelaiko horma-irudiaren inaugurazio-ekitaldia.
40 bat lagun elkartu ziren horma-irudiaren inaugurazioan. Touringen ereserkiak (Julian Lavillak sortutakoak) esaten du El Touring de Rentería a quien nadie ganará en deporte y en alegría.
Fanderiako futbol zelaiak orain itxura alaiagoa du orain, Kepa Etxebarriak eta Zigor Garrok klubaren enkarguz osatutako horma-irudia inauguratu zuten atzo. Ekitaldi xumea egin zuten atzo arratsean.
Asier Yerobi klubeko presidenteak hartu zuen hitza lehenik eta behin. Adierazi zuenez, atzoko ekitaldia izan zen klub gorriaren mendeurrenaren ospakizunen ginga. Balorazio positiboa egin zuen, eta klubaren helburuak bete direla jakinarazi. “Herriarengana iristea lortu dugu, eta herriaren parte-hartzea izugarria izan da”, esan zuen. Eskerrak eman zizkien parte hartu duten herritar guztiei.
Aizpea Otaegi alkateak ere hitzartea izan zuen. Touringek kirolean duen “erreferentzialtasuna” goraipatu zuen, eta ehun (eta bat) urtean egindako lana aitortu zion kirol elkarteari.
Bukatzeko, Garrok eta Etxebarriak hartu zuten hitza. Horma-irudiaren xehetasunak eman zituzten, eta lana “erraldoia” izan dela azpimarratu dute, denbora asko eskaini behar izan diotena. Hala ere, egindakoarekin “oso gustura” geratu direla azaldu zuten bi egileek, iragana eta etorkizuna islatzen dituena.
Touringen bandera batek gordea zuen plakatxo bat azaleratu zuten Etxebarria eta Garrok, horma-irudiaren inaugurazioaren xehetasunak betikotuko
dituena. Txalo-zaparrada artean bukatu zen ekitaldia.
Ekitaldian 40 bat lagun bildu ziren, Touringen familiakoak. Udaleko ordezkaritza, alkateaz gain, Leire Mazizior Kirol zinegotziak (EH Bildu) eta Elixabete Murua EAJko bozeramaileak osatu zuten.
Horma-irudi berriarekin, alaitasunean garaitezinak dira Touringekoak, ereserkiak dioen bezala. Horma-irudiak ea dohain hori kirol arlora eramateko hegalak ematen dizkien.
[Argazkiak Aizpea Otaegi alkateak Xn igotakoak eta Touringek lagatakoak dira]
- Garro eta Etxeberria egileak, Otaegi alkatea eta Yerobi klubeko presidentea.
- Garro eta Etxebarria egileak, Otaegi alkatea eta Asier Yerobi klubeko presidentea.






