Ahots gazteen aterpe, bigarrenez
Landarbaso abesbatzak antolatuta Gazte Abesbatzen II. Topaketa egingo dute hilaren 27 eta 28an Lekuona Fabrikan.
Landarbaso abesbatzak antolatuta, Gazte Abesbatzen II Topaketa egingo dute Errenteria-Oreretan hilaren 27 eta 28an. Gaur eman dituzte xehetasun guztiak Landarbasoren zuzendari Iñaki Tolaretxipik, eta harrobiko taldeen zuzendari eta Landarbasoren ahots teknika arduradun Maddalen Dorronsorok. Pozik azaldu dira biak, bigarrenez antolatuko dutelako topaketa hori eta gazteenen ahotsei hauspoa emango dietelako.
Landarbasoko Dizkizka abesbatzarekin batera, Noaingo (Nafarroa) Julian Gaiarre Musika Eskolako Gazte Abesbatza eta Gijongo (Asturias, Espainia) Musika eta Dantza Kontserbatorio Profesionaleko Gazte Abesbatza ariko dira topaketa horren barruan. Dorronsorok azaldu duenez, hilaren 27an, arratsaldez, hasiko da topaketa. “Tailerren txanda izango da orduan. Zehazki, ordubeteko bi tailer egingo dituzte hiru abesbatzetako gazteek ahots teknika, eta agertokian duten presentzia hobetzeko”. Lehena, Izaskun Zurutuza bakarlari eta abesbatza zuzendariak emango du, ” nerabeen kantu koralean eta ahotsean aditua da”, azaldu du Dorronsorok. Bigarrena, Victor Galvezek zuzenduko du, eta gorputz adierazpenean oinarritutako tailerra izango da”.
Hilaren 28an goizean abesbatzek errepertorioa prestatzeko denbora izango dute, baita elkarrekin biltzeko ere denek batera abestuko duten obra entseatzeko. Horren emaitza igande arratsaldeko kontzertuan amaituko da; Lekuona Fabrikan izango da, 18:30ean. Gijongo abesbatzak a capella programa egingo du oholtza gainean euskal eta asturiar folkloreko lanekin osatua. Noiangoek, berriz, emakumea hartuko dute ardatz euren errepertorioan, pianoa eta perkusioa lagun dituztela. Bukatzeko, Dizdizkak, Asturias eta Euskal Herriko folkloreko obrak eta Candasko (Asturias, Espainia) Haur eta Gazteen Habanera Lehiaketan bigarren saria eman zioten lanak aurkeztuko ditu.
Azpimarra jarri dio Dorronsorok Candaseko lehiaketari, “gurean izango den Gijongo abesbatzak irabazi zuen lehiaketa, eta gure artean izatea ohorea da”.
Haur eta gazteen abesbatzen osasun egoerari ere egin dio erreferentzia Dorronsorok, “gero eta haur eta gazte abesbatza gutxiago dira gure artean. Topaketa honen helburua bada horiei hauspoa eta indarra ematea”.Topaketak, beraz “garrantzia estrategikoa” duela uste du, “gazteentzako berariaz diseinatutako topaketa hau proiektu paregabea da”.
Ideia horrekin bat egin du Tolaretxipik azaltzeko halako topaketarik ez dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, “guk dakigunez behintzat”. Esker ona, zuzendariak, topaketaren babesle nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuari, “ezinezkoa litzateke topaketa hau aldundiaren babesik gabe”, eta laguntzaile den Errenteriako Udalari. Topaketaren lehen edizioa 2023an egin zutela eta arrakasta handia izan zuela gogorarazi du, bestalde, 100 gaztetik gora parte hartu zuten antolatutako tailer eta entseguetan, “esperientzia oso aberasgarria izan zen partaideentzat, lan egiteko modu berriak ezagutu, beste abesbatzetatik ikasi, eta musika korala maite duten gazteen sare bat ehuntzeko aukera eman baitzien”.
Aurreko urtekoarekin alderatu du aurtengo topaketa Tolaretxipik, iaz Fatima Andra Mariaren elizan izan zen topaketa Lekuona Fabrikan izango delako aurten, “zorionez hemen egingo dugu, eta dugun oskol akustikoa erabiltzeko aukera izango dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot Errenteriako Udalari aukera eman digulako emanaldia Lekuona Fabrikan egiteko”.
Aurten ere ehundik gora abeslari gazte ariko dira, 120 zehazki.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkio Landarbaso abesbatzari topaketa bigarrenez antolatzeagatik Errenteria-Oreretan. Abesbatzaren lanarekin, “harro eta pozik” azaldu da Gartzia.
Isaac Palencia Gazteria zuzendariak eskerrak eman dizkio ere Landarbasori, “topaketa antolatzeagatik, baina baita abesbatzen munduari ematen diozuen hauspoarengatik. Duela urtebete planteatu zeniguten kolaborazioa topaketa antolatzeko eta berriro hemen gaude, ongi ari garen seinale da. Iaz ezinbesteko jo genuen gazte abesbatzen topaketa antolatzea herrialdean, eta orduan, urtetik urtera hobetzen joateko konpromisoa hartu genuen; hemen egoteak berriz ere, hori erakusten du, aurrera egiten ari garela”.
Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da. Egin klik hemen eskuratzeko. Deia Dorronsorok eta Tolaretxipik herritarrei bertaratu daitezen, “topaketa bera hauspoa da gazteen abesbatzentzat, baina entzuleak ere ezinbesteko dituzte ilusioa eta motibazioan sakontzen jarraitzeko”.