Kanpinetan elkartzen den 'fauna'-ri buruzko narrazioak, Labandibarren 'Zoo'-n
Elkar argitaletxearekin argitaratu du bere bosgarren narrazio-liburua. Hamabi ipuinek osatzen dute, ildo berarekin: kanpinetako mikrokosmosa.
Goiatz Labandibar Arbelaitz jatorrira —hala esan badaiteke— bueltatu da: Bekatua eleberria iaz publikatu ondoren, narrazioetako liburua kaleratu du. Zoo du izena bere bosgarren ipuin-liburuak —hamabi sortu ditu—, eta Elkarrekin argitaratu du.
Argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek egin ditu aurkezpen-lanak. “Zoo hitzak pentsarazi lezake zoologiko bati buruz ari ote den, eta animaliak direla protagonista. Ez da horrela; hitz-jokoa da, ildo komuna baitu liburuak: kanpinak”. Zehazki, aisia-gune horietan biltzen den jendea edo “fauna” dira protagonista.
Mendigurenek ez du spoiler handirik egin nahi izan, baina esan du liburuak argi uzten duela Labandibarrek kanpinak “ongi” ezagutzen dituela. “Baina, batez ere, gizakiak eta gizadia ongi ezagutzen ditu”, zehaztu du editoreak. “Gizon eta emakumeon makurdurak, xelebrekeriak, ahulguneak ezagutzen ditu”.
Labandibarrek duen begirada azpimarratu du: “errealista” da. Bi joera bereizi ditu “begirada errealista” dutenen artean: baikorrak eta ezkorrak direnak. “Ez dut esango Goiatz [Labandibar] erdibidean kokatzen denik, baina badu begirada zorrotza eta —aldi berean— amultsua. Liburuan nagusitzen den tonua ironikoa eta goxoa da”. Liburuak duen umorea ere goraipatu du: “Liburu osoa irribarretxo batekin irakurtzen duzu”.
Idazketa-prozesu “dibertigarria”
Labandibarrek hitza hartu duenean azaldu du zerk erakartzen duen kanpinetatik. “Garai batean, kanpinak baziren langile-jendearen oporretarako leku, baina egun uste dut hori aldatu dela. Partzela eta kale gutxi batzuetan fenomeno soziologiko interesgarri eta liluragarri bat sortzen da, hor elkartzen direlako pertsona kurioso asko, beraien istorioekin. Ni haiei begira jarri naiz ipuin hauek idazteko”, esan du.
Kanpin arruntak direla aurreratu du Labandibarrek, eta irakurleak identifika ditzakeela bertako “epe laburreko biztanleak”: “Lehengusuak aurki ditzake, lankideak… edo akaso bere burua ere batek baino gehiagok”.
Bere aurreko narrazio-liburuekiko alde nabarmenetako bat azpimarratu du oiartzuarrak: Zoo-k duen umore eta ironia tonua. Idazketa-prozesua beretzako “dibertigarria” izan zela aitortu du, eta irakurleei opatu die dibertitu izanaren pertzepzioa jasotzea.
Tonuaz gain, idazteko modua ezberdina izan dela ere esan du, “konpultsiboagoa” izan baita. “Ideiak bor-bor nituen momentu batean idatzi nituen ipuinak, bata bestearen atzetik, uda baten ondoren. Azkar baina gustura idatzi nuen”.
Narratzeko modu edota teknikak ezberdinak erabili ditu, baita zein pertsona erabili ere. Errepikakorra izateko beldurrik ez du izan, narrazio guztiak kanpinetan izan arren, elkarrengandik oso ezberdinak baitira pertsonaia eta alojamenduak eurak ere. “Era berean, nik gustuko dut idazten dudan heinean probak egitea, modu ezberdinetara idaztea, eta abar”.
Animaliak eta adin-tarte ezberdinak
Zer kontatu nahi izan duen argi izan du, eta istorio bakoitzari utzi diola “bere bidea” egiten. “Zoo du izena, kanpinei buruzkoa da, eta hasieran kontzientea izan ez zen arren, animaliak agertzen dira istorio guztietan”.
Mendigurenek hartu du berriro hitza, nabarmentzeko ez dagoela miserian bizi den protagonistarik, baina ezta ere aberatsik. Editoreari arreta eman diona izan da adin-tarte guztietakoak direla liburuko pertsonaiak. “Kanpinak badira nolabait gure gizartea txikira eramandakoak, eta muturrekoagoak egiten dira horko egoerak, hain eremu txikian elkartzen direlako”.
Kanpinak adin-tarte ezberdinentzako “zerbait ezberdina” dela azaldu du Labandibarrek, “denetik” elkartzen den guneak direlako. Kanpinen kokalekuak ere ezberdinak dira: “Adin-tarte ezberdinak kanpin mota batekin lotu dut. Adibidez, lehen aldiz oporretara doan gazte kuadrilla ez da Mediterraneora joango, Saturraranera edo Lizarrara baizik”.
Hori bai, berarengandik “oso urrun” sentitzen dituen istorioak ez ditu sartu, hala nola glamourdun kanpinak —glamping izenarekin ezagutuak—, edo etxe baten ordaintzeari aurre egin ezin dioten dibortziatuak bizi direnak.
Mendigurenek jarri dio ginga aurkezpen-agerraldiari: “Lagun bati gomendatzen diozun liburu horietako bat da”.