Adinberriko obrek eragina izango dute Euskadi Etorbidean
Bi astez izango dira lanak, bi fasetan egingo dituzte. Horretarako 'bypass' bat jarriko dute, eta trafikoa semaforo baten bidez arautuko dute.
Aldundiak jakinarazi berri duenez, Adinberriko obren barruan, esku hartzea egingo dute Lasako bidegurutzetik gertu datozen asteetan. Han, lan horien ondorioz, aldaketak izango dira zirkulazioan zein oinezkoen mugikortasunean bi astez, datorren astelehenetik (hilak 22) maiatzaren 6ra bitarte (astelehena da) hain zuzen.
Obrek bi norabideetako erreiei eragingo diete, eta ibilgailuen joan-etorriak bermatzeko, bi fasetan egingo dituzte lanak. Horretarako bypass bat jarriko dute, eta trafikoa behin-behineko semaforo baten bidez arautuko dute.
Errepideez gain, Adinberriko obratik hurbilen dagoen espaloiaren zati bati ere eragingo diote lanek, baina hor ere oinezkoen pasabidea bermatuko dutela jakinarazi dute. Bi aste horietan eremu horretarako hondakinen edukiontziak lekualdatuko dituzte, hainbat metro mugituko dituzte.
Lanei erreparatuz, indusketak egingo dituzte Añarbeko lotuneak konektatzeko eta hainbat operadoreren kutxatilen instalazioa ere egingo dute.
Informazio gehiago jaso nahi dutenek 635 25 80 51 telefono zenbakira deitu edota helbide honetara idatz dezakete.