Udaleku ibiltariak 2009 eta 2010 urteetan jaiotako gaztetxoentzat
Lehenengoz antolatu dituzte 2009 eta 2010 urteetan jaiotako gaztetxoentzat Mugaldeko Udaleku Ibiltariak. Uztailaren 15ean Oiartzunen hasi eta 20an Urruñan bukatuko dute bidea, eta egonaldiak Lesakan, Beran eta Saran egingo dituzte.
Antolatzaileek eman dute dagoeneko udalekuetan gaztetxoek egingo dituzten ekintza batzuen berri: ‘Oinak bideak’ bertsolaritzari buruzko ibilbidea, kantuak sortzeko tailerra Berako musikariekin, Amets Arzallus eta Miñan, Sarako leizeetara bisita, herri kirolak, bisita gidatua Ibardingo mugetan eta rap tailerra Odei Barrosorekin, besteak beste.
Udalekua 40 lagunentzat prestatu dute, eta dagoeneko plaza gutxi daudela libre aurreratu dute. Hala ere, libre dauden plazak betetzeko aukera 2009 eta 2010 urteetan Oiartzunen, Bortzirietan, Saran edota Urruñan erroldatuta daudenak izango dute, apirilaren 30a bitarte. Udalekuen prezioa 120 eurokoa da, eta izena online eman beharko dute, hemen.
Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraikitzea eta sendotzea du helburu Mugaldeko Udalekuak, eta euskara eta euskalkiak ezagutzea, praktikatzea, parte hartzea bultzatzea, eta natura, kultura zein kirola ardatz izanda Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea sustatu nahi dute.
Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatu du lehen edizio hau Oiartzungo Udalaren, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Sarako eta Urruñako Herriko Etxeen laguntzarekin.