Urteko sagardo uzta dastatzeko irrikaz
XXXVI. Oreretako Sagardo Eguna aurkeztu dute gaur, omenaldi eta guzti. Datorren larunbatekoa festarako eta aldarrikapenerako eguna izango dela aurreratu dute.
Askok hasi dute atzera kontaketa, astebete falta baita sagardozaleen urteko egun kuttunerako. Datorren larunbatean (hilak 27) XXXVI. Oreretako Sagardo Egunaz gozatuko dute herriko eta inguruko zientoka herritarrek, urteko uzta dastatzeko unea heltzear da. Gaur aurkeztu dute aurtengo festa, Foru plazan egindako agerraldian. Bertan, aurtengoaren gaineko xehetasunaz emateaz gainera, antolaketa lanetan buru belarri aritu diren hiru lagun omendu dituzte.
“Bai, sagardoa gozatzeko aukera izango duzue, giroa, usadioa, aurtengo uzta, dantza, lagun artea, txalaparta, bertsoak, irrintzia. Bai, sagardoa ere bada euskaldunon ohiturako beste ezaugarri nagusi bat. Herri tradizioak dio, antza, XXVI. mendeko euskal marinelen hilezkortasunaren atzean horixe zela gako nagusia, eskorbutoaren ondorioz ez zitezen gaixotu: sagardoa”, esan du Idoia Arbelaitzek.
Sagardoaz gain, euskal giroaz gozatzera deitu dituzte herritarrak: “ohiturak deituko gaitu lagunekin, hurbilekoekin une goxoak partekatzera. Tradizioak gailenduko gaitu eta umorez, goxotasunez, indarrez helduko diogu txotx egiteari”.
Goizeko lehen ordutik urteroko tradizioari helduko diote. Orain dela zenbait hamarkada bezala, idiek garraiatuko dute urteko uzta herriko kaleetan zehar, hala egiten baitzuten euskal sagardogileek antzinean. 12:00etatik aurrera, Foru plazan, aurtengo lehen txotxak egiteko aukera izango da. Tragoxka hartu bitartean, dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak eta bertsolariak izango dira plazan.
Arratsaldean izango da txotx handia. 18:00etatik aurrera, Zumardian makina bat sagardo dastatzeko aukera izango da. Arratsaldeko txotxari aurre egiteko, Eusko Labelen eskutik txahala dastatzeko aukera ere izango da. Talogileek ere postuak izango dituzte egun osoan zehar eta kale animazioak ere ez du etenik izango.
Edalontziaz gain, aipatutako pintxoa, leporako zapia eta sagardotegi batean bazkaltzeko zozketa zenbakia erosi ahal izango da.
Aldarrikapenerako eguna
Festa nagusi izango bada ere, zenbat mezu helarazteko ere probestu nahi dute aurtengo Sagardo Eguna. Euskaraz aritzera deitu dituzte herritarrak: “Hitzekoak gara euskaldunak, garbi adierazi moduan. Bada, izan daitezela hitz horiek euskaraz, horrek egiten baikaitu euskaldun, baita jai egunean ere”, esan dute. Horrez gain, antolatzaileek irmoki adierazi dute ez dutela inolako eraso sexistarik onartuko. Era berean, lanean ari direnekiko errespetua eskatu dute, “baita elkarrenganako zaintza ere”.
Palestinako herria ere oso presente izango da datorren larunbatean, elkartasuna helaraztera deitu dituzte herritarrak, antolatzaileen arabera, “mundu mailan une honetan genozidioa pairatzen ari den Palestinako herriari elkartasuna adierazteko unea ere badelako Oreretako Sagardo Eguna. Larunbatean gozatzeko aukera izango duzue askok, baina gogoan izan beste batzuk, aldiz, sufritzen ari direla”.
Gaurkoan ere Sagardo Eguna posible egiteko lanean aritzen diren hiru lagun omendu nahi izan dituzte, haien lana “omentzeko, goraipatzeko, gorazarre egiteko eta haien lan nekaezin hori nabarmentzeko”. Hiru omenduak Sagardo Egunaren antolaketa lanetan “ezinbestekoak” direla adierazi dute gaur: “hasiera-hasieratik eskaini diote herritar horiek bere gogoa, ilusioa, izerdia, duda-mudatan ibiltzea nahiz denbora horrelako jai bati, hastapenetik gehienek, gainera”. Hiruei esker mezurik xume eta handiena bidali diete, eta berretsi nahi izan dute haiek gabe ez legokeela Oreretako Sagardo Egunik.
Hiru omendu aurten
Manolo Martin izan da aurtengo lehen omendua. Ezustean harrapatu du albistea, aurkezpenean bertan jakinarazi baitiote. Hunkituta jaso du oroigarria. “Zuk eman diozu dena. Zuk eman diozu edalontzia, zuk eman diozu zure izerdia, zuk eskaini diozu zure denbora, zuk zabaldu duzu talde-lana, zuk jarri duzu lokala, zuk koordinatu dituzu eskaerak, zuk bideratu duzu kartela, zuk zenbatu dituzu errifak. Manolo, zuk bildu dituzu elkarte gastronomikoak, zuk irudikatu duzu basoaren diseinua, zuk ahalbidetu duzu sagardoa edalontzi batean irrist egiteko bidea. Manolo, zuk bildu dituzu Zumardiako postuak, egurrak, botilak eta kristalak. Eta zure marinel kapela hori buruan, sekula ez da zure hotsa inoiz tonu bat ozenago izan. Patxada transmititu diguzu eta jarraitzen duzu horixe bera helarazten”, esan diote lagunek.
Eli San Sebastian eta Joxan Otegi izan dira aurtengo beste bi omenduak, baina biek ezin izan dute gaurkoan egon. Dena den, bientzako hitz batzuk bota ditu Arbelaitzek: “isilean eta ezkutuan lan egiten” duen horietakoa dela nabarmendu dute: Sagardo Eguna ez litzateke ezer zure presentziarik gabe. Eli, inoiz ez duzu inongo protagonismorik bilatu nahi izan baina beti zaitugu hor. Eli, zenbat dei, zenbat mezu, zenbat bileratxo egingo ez ote zenituen urte luzez Sagardo Eguneko txanda guztiak bete zitezen. Eli, zenbat sakakortxo banaketa, mantel-garbiketa, zure ingurune hurbileko pertsonen inplikazio bilatzea. Eli, zenbat metro, kilometro egin dituzu gora eta behera, Foru Plazatik Zumardira, lokalera; zenbat poltsa, zenbat zapi, zenbat izerdi. Eli, onartuko dizugu miresten zaitugula, inoiz ez baituzu zu identifikatzen zaituen irribarre hori galdu. Eli, tentsio-uneak izanda ere, beti ikusten zaitugu irribarre hori ahoan duzula. Eli, indarra, animoa, gogoa, ilusioa, kemena… islatzen da zugan, eta horixe transmititu diguzu. Eta, Eli, badakigu, edozer dela eta, edozeren beharra badugu ere, beti izango zaitugula prest.
Otegirentzat, honako hitzak izan dira: sagardoa botatzeko artea, talde bateko kide izatearen garrantzia, konpromisoa, parte-hartzea. Horixe jaso dugu zugandik, Joxan. Eta hori aitortu nahi dizugu gaurkoan. Joxan, Alkartasuna elkarte gastronomikoko kidea, hastapenetik Sagardo Eguneko antolatzailea. Joxan, zenbat bilera eguna zehazteko, zenbat hitz, zenbat erabaki hartu beharra. Joxan, zenbat ate jo, zenbat botila ireki, zenbat edalontzi hartu eta bete, zenbat hitzordu jarri. Joxan, zenbat bidoi urez bete eta eskuz eta gorputzaren indarrez bultzatuta garraiatu, sagardoa freska dadin. Joxan, euriak goitik behera ari arren, edota eguzkiak sutsuki jotzen badu ere, apirilaren azken larunbatean konpromiso batek deitzen zaitu: Oreretako Sagardo Egunak. Eta hantxe zaude zu. Joxan, zuk lanean, elkarlanean aritzeko hitza hartzen duzu, besteek jaia goza dezaten. Joxan, hitzekoa zara eta horrelaxe azaldu diguzu hamarkadaz hamarkada. Joxan, herrigintzan eta talde-lanean sinesten duzula ikasi dugu zugandik.
Aurkezpenaren ondoren, hiru omenduek sagarrondo bana landatu dute Arramendiko magalean. “Txotx egin dezagun zuengatik, eta baita guztiengatik ere. Eta larunbatean elkar ikusiko dugulakoan, goza ezazue aurtengo sagar uzta”, esan dute, gaurko bukatzeko.
Jarraian HITZAk ateratako irudi batzuk: