Sailkapen taularen goi postuetan jarraitzen du Iñigo Iglesiasek
Asteburuko bi lasterketen ostean, puntuen araberako sailkapenean bigarren da Iglesias Munduko txapelketan.
Bikain ari da Iñigo Iglesias motor pilotua. Munduko Supersport 300 zentimetro kubiko Motoziklismo Txapelketaren sailkapen taularen goi postuei eutsi die errenteriarrak asteburuan, larunbat eta igandean, Assenen (Herbehereak) jokatutako bi lasterketetan hirugarren eta laugarren postua, hurrenez hurren, eginda.
Larunbateko lasterketan, hirugarren Iglesias, eta balio handiko puntuak poltsikora munduko sailkapen taulan goi-goian jarraitzeko ezinbestekoak. Lasterketa ez zen erraza izan, pista bustia eta eroriko ugari tartean, baina errenteriarra lehen postuetan izan zen uneoro. Urrezko puntuak lortutakoak eta helburua beteta, larunbatekoan.
Atzoko lasterketan ere ezin hobe errenteriarra, laugarren postua eginda. Lasterketa paregabea errenteriarrak egin zuena atzoko saioan, aurrealdean jarrita, itzuli bat baino gehiagotan lider izanik. Ez zuen podiuma egin atzokoan baina motor pilotuak eta bere taldeak ontzat eman dituzte bi lasterketak, eta betetzat zituzten helburuak. Asteburu betearen ondoren, puntuen araberako sailkapenean bigarren postuan da Iglesias, liderra den Mogedangandik lau puntura. Txapelketa luzea aurretik oraindik, argi azaldu du helburua pilotu errenteriarrak, “top 3an mantentzea”.