Emakumeen Itzulia Oarso Bidasotik pasako da maiatzaren 12an
Maiatzaren 10etik 12ra emakumeen Euskal Herriko Itzulia lehiatuko da. Hirugarren etapa Donostian hasi eta bukatuko da, eta tropelak Oarso Bidasoko sei udalerriak zeharkatuko ditu.
Maiatzaren 10etik 12ra, ostiraletik igandera, emakumeen Euskal Herriko Itzulia lehiatuko da. Antolatzaileek hiru etapako ibilbide bat osatu dute. Lehen etapak Gasteiz eta Elgoibar lotuko ditu; bigarrena, Basaurin hasi eta bukatuko da; eta azkenak, aldiz, Donostian izango du hasiera eta helmuga. Azken etapa horretan Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek, eta tropela Oarso Bidasoara iritsiko da.
Maiatzaren 12an, 115 kilometroko ibilbidea egin beharko dute ziklistek, eta hainbat kilometroz Oarso Bidasoko errepideetan izango da tropela. Goi mailako txirrindularitza, hortaz, Oarso Bidasoara itzuliko da beste behin. Lasterketa Oiartzundik iritsiko da eskualdera, eta Errenteria-Oreretatik, Lezotik, Pasaiatik, Hondarribitik eta Irundik ere igaroko da bitarte horretan. Horrez gain, puntuagarriak diren bi mendate igo beharko dituzte Oarso Bidasoan: lehen mailako Jaizkibel eta hirugarren mailako Gurutze.