'Bizkarsoro', ostegunean Gezalan
Filmaren emanaldia 18:30ean hasiko da; Gezalan. Proiekzioa bukatzean, egileekin solasaldia antolatu dute.
Lezo Euskaragarri prozesuaren barruan, kalera begirako kultur ekitaldiak ere badaude. Adibidea, ostegunekoa: 18:30ean, Gezala Auditoriumean, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izanen dute hala nahi duten guztiek, doan. Udalaren eta UEMAren babespean antolatu da emanaldia.
Saioaren ondoren solasaldirako tartea. Izan ere, Gastibeltza Filmak-eko kide eta filmaren ekoizle Katti Pochelurekin hizketaldia izango da behin Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro bukatzean.
Hona filmaren atari digitalean lanari buruz egin duten sinopsia: “Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna”.