Zirkura hurbildu da Lezo Herri Eskola
Herri Eskolako familiek zirku tailerra egin zuten larunbatean Adunan. "Goiz atsegina pasa genuen, familiako harremanak landuz, euskaraz jolasean".
Apirilaren 20an izan zen Zirkuaren Nazioarteko Eguna. Data baliatuz, Lezo Herri Eskolako familiek, Euskara Talaia egitasmoaren bitartez, zirku plana egin zuten. Izan ere, larunbat goizean Adunako Zirkuola espaziora joan, eta zirku tailerra egin zuten, bi orduko bina txandatan. Malabarrak, txiribueltak, soketan ibili, oreka mantentzeko ariketak… Denetik probatu zuten. Igandean, tailerrean izan zen baten bat, etxean hiru sagar hartu eta malabarrak egiten hasi zen. Pentsa, beraz, zer giro on eta hezitzailea izan zuten lezoarrek Adunan.
“Oso harrena ona izan zuen iniziatibak”, nabarmendu dute Euskara Talaiako kideek. Izan ere, gurasoek eta haien seme-alabek beharbada ezkutuan zituzten hainbat dohain azaleratzeko aukera izan zuten. “Batzuk oreka lantzeko ariketetan erosoago zebiltzan bitartean, beste batzuk sokekin, akrobaziak egiten, edota malabaretan jolasean ibili ziren”, zehaztu dute.
Igandean baten bat sagarrekin malabarismo ariketak egiten. Eta astelehenean, agian, jada haurrak Herri Eskolan utzita, gurasoren bat etxeko egongelan ispilu aurrean akrobaziak egiten. Horra larunbateko esperientziaren ordaina. Baina azken balorazioa egiterakoan, honakoa goretsi dute Euskara Talaiakoek: “Goiz atsegina pasatu genuen, familia arteko harremanak landuz eta, noski, euskaraz jolasean ibiliz”.