Kontseilu sozialistek babesa emango diote Yakovlev 42ri, maiatzaren 6an
Taldeak epaitegira joan beharko du maiatzaren 6an, ikertu gisa deklaratzera. Elkarretaratzera deitu dute hiru kontseilu sozialistak.
Maiatzaren 6an, Oiartzungo Yakovlev 42 taldeko sei kide eta kide ohik Donostiako Instrukzio Epaitegira joan beharko dute, ikertu gisa deklaratzera. Guardia Zibil txosten baten oinarrituta, gorrotozko delitua egozten diete, eta, prozesu judizialak aurrera egiten badu, kartzela-zigorrak eska ditzakete, urtebete eta lau urte artekoak.
Donostialdeko, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko kontseilu sozialistek elkarretaratzea deitu dute egun horretarako. 11:00etan izango da, Donostiako auzitegiaren aurrean.
“Beste behin, ikusten ari gara estatu kapitalistak hartzen ari diren bilakaera autoritarioa, aurkako zaien oro erasotzeko gai direla”, salatu dute kontseilu sozialistek. Esan dutenez, adierazpen askatasuna ez da “eskubide erreala”, kasu batzuetan bakarrik zigortzen delako, “estatu kapitalistaren kontrako zentzua” hartzen duenean, hain zuren ere.
“Gainera, argi ikusi da ezker gobernuak edota sozialdemokraziak oro har joera hori indartu besterik ez duela egin, eta bere interesen defentsan mantendu duela, esaterako”, gaineratu dute. Sozialdemokraziak “klase-ertainaren adierazpen askatasunaren defentsa” egiten duela esan dute.
Estatuek “joera autoritarioa” dutela iritzi dute, azken urteetako “krisiak” bultzatuta. Langileria errepresioa jasaten ari da kontseilu sozialisten arabera. “Horretara dator zigor kodearen gogortzea, langileriaren antolakuntza independentea antolakuntza indarrez erasotzea, oinarrizko beharren aldeko borroka kriminalizatzea edo adierazpen antifaxistak mehatxatzea”, adierazi dute.
Eskubide politikoen “defentsa” egitera deitu dute, baita adierazpen askatasunera ere. “Hortaz, errepresio kasuen aurrean klase elkartasuna antolatu behar dugu”.