Oiartzunek Herriartekoaren hiru txapelketatan parte hartuko du
Kanporaketak finkatu dituzte. Maiatza erdialdean hasiko dituzte pala eta gomazko paletako txapelketak. Esku huskakoek ekainera arte itxoingo dute.
Gipuzkoako pilotako Herriarteko txapelketen berri eman zuten atzo, Anoetako estadioaren kanpoaldean. Lau modalitate jokatuko dituzte, eta oiartzuarrek hirutan hartuko dute parte (zesta-puntakoan ez).
Esku huskako txapelketako egungo txapeldunak dira oiartzuarrak. Horregatik, hirugarren fasera arte (final laurdenak) ez dira lehian hasiko. Ekainaren 2an izango da joaneko partida, arerioaren kantxan, eta bueltakoa astebete geroago, Madalensoron. Astigarraga, Hernani, Aduna edo Azkoitia izan daitezke arerio. Hemezortzi herrik izango dute ordezkaritza.
Larruzko paleta eta pala motza modalitateak barnebiltzen dituen txapelketan, berriz, maiatzaren 19an hasiko dira. Zumaia eta Tolosaren arteko kanporaketako irabazlearen kantxan hasiko dira, eta zazpi egunetara jokatuko dute bueltakoa. Hamalau talde arituko dira.
Pala da beste txapelketa. Maiatzaren 12an hasiko dira oiartzuarrak, Andoainen. Kasu horretan ere, astebeteren buruan jokatuko dute bueltakoa, Madalensoron. Kanporaketa pasatuz gero, finalerdietara pasatuko dira, sei talde bakarrik direlako. Ordizia izango da arerioa.