Giro ederrean hasi dute Errenteria-Oreretako XXXVI. Sagardo Eguna
Sagardoaren bueltako festa giroa nagusitu da herriko kaleetan. Arratsalderako motorrak berotu dituzte.
Bidea neketsua izan den arren, oztopo guztiak gainditu, eta hemen da XXXVI. Sagardo Eguna. Goizeko 11:00etan hasi dute eguna zientoka herritarrek. Aurten, gainera, sagardoaz gain idiek hartu dute protagonismoa. Izan ere, haiek izan dira goizean zehar kupelez betetako gurdia garraiatu dutenak, euskal sagardogileek aitzinean egiten zuten bezala. 11:00etan abiatu dira, baina 12:00ak arte kalejiran aritu dira herriko kaleetan zehar dultzainero, trikitilari, txistulari eta bertsolariekin batera. Urtero lez, Foru plazan amaitu dute ibilbidea eta bertan, lehen txotx irekiera egin dute. Festa hasi denean ez du euririk egin, baina Foru plazara heldu bezain pronto zeruak barkatu ez eta eguerdiko lehen tantak erortzen hasi dira. Hala ere, herritarrak gogotsu dira eta festak ez du etenik izango.