Laureri hilekoa jaisten zaion eguna kontatu du Labandibarrek 'Putzua'-n
Idazle oiartzuarra gazte literaturan murgildu da estreinakoz, Ereinekin. Gazteei zein helduei zuzenduta dago liburua.
Goiatz Labandibar gazte literaturan murgildu da estreinakoz, Putzua nobelarekin. Erein argitaletxearekin publikatu du bere lana. Abiapuntu nagusi bat du, emakume guztiei pasatu edo pasatuko zaiena: Laure protagonistari hilekoa jaisten zaion eguna.
“Zerbait fisiologikoa da, baina konnotazio sozialagoak ditu: herentziaz jaso ditugun sineskeria eta usteak”, adierazi du Labandibarrek. Protagonista “emozio-koktel” batean sartuta islatu du idazle oiartzuarrak: kezka, beldurra, haserrea, deserosotasuna… Horri nola aurre egiten dion azaltzen du, baina baita ere ingurukoek ere nola bizi duten.
Hala ere, liburua ez da hilekoari buruzkoa bakarrik, baditu beste ertz batzuk. “Ahizpatasuna” aipatu du Labandibarrek, Laurek ahizpa nagusia, ama eta amona “bidelagunekin” lotzen dituena. “Laguntasuna” da beste gaietako bat. “12-13 urterekin, lagunen garrantzia handia da, eta aldaketa handiak daude laguntasunean. Laureren lagunak —neska zein mutilak— ere badira bidelagun”.
Ume izatetik nerabe izatera pasatzen den trantsizio faseko segurtasun eza nabarmendu du Labandibarrek, baina, era berean, liburuak mezu positibo bat adierazten duela. “Laurek badu bizitzari aurre egiteko jarrera”, zehaztu du.
Labandibarrek, liburua idazterakoan, 12-13 urte zitueneko sentimenduak gogorarazi nahi izan ditu. Adin hura “oso atzean” duelako, inguruko irakasleengana jo zuen, galdetzeko ea gehiegi aldatu diren lehen hilerokoa jaisten direneko kontuak. “Ez da asko aldatu, egia esan. Lotsek eta beldurrek hor jarraitzen dute; agian sineskeriak dira aldatu direnak”, iritzi du oiartzuarrak.
Liburua nori zuzenduta dagoen ere argitu du: ez da bakarrik hilerokoa jaitsiko zaien neskentzako bakarrik. Hilerokoa ez duten neska-mutilentzako ere badela esan du, “haien larruan jartzeko”. Baita ere helduago diren gazteentzako ere, pasatutakoa gogorarazteko, baita helduentzako ere. “Gertatzen denean uste baino naturalago zan ohi da”.
Azala Ane Narbarte oiartzuarrak egin du. Labandibarrek azaldu duenez, ilustratzaile izateaz gain, Loregorriko kidea da; Maddalen Aristegirekin batera hilekoa lantzen du. “Beregana propio joan nintzen azala eskatzera. Libre utzi diot nahi duena egitea”.
“Gurasoentzako lagungarria”
Inazio Mujika Ereingo editorearen arabera, gazte direnek modu askotan ikasi dute bizitzako gorabeherei aurre egiten: gurasoak, lagunak, irakasleak, zinema… eta fikziozko irakurgaiak. Putzua jarri du horren adibide gisa.
Mujikak ere gomendioa egin die gurasoei, beraientzako lagungarri izan daitekeelakoan. Esan duenez, egungo gizartean dagoen “iraultzarik handiena” norbera bere gorputzaren pertzepzioa dela. “Orain modu naturalagoan egiten da”, gaineratu du.