Udako kirol jardueretan izena eman daiteke jada
35 kirol jarduera inguru eskainiko dituzte uda honetan. Eskaintzaren barruan, itsas jarduerak nabarmendu ditu udalak.
Pasaiako Udalak, eskualdeko gainerako hiru udalerriekin batera, 2024ko Udako Kirol Kanpaina abiatu berri du. Erakundeak jakinarazi duenez, dagoeneko izena eman dezakete 3 eta 18 urte bitarteko haurrek.
Orotara, uda honetan 35 kirol jarduera inguru eskainiko dituzte, askotarikoak: judoa, pilota, eskalada, arrauna, txirrindularitza, igeriketa… Julen Rodriguez Kirol zinegotziak haurrei dei egin die “Pasaian uda honetarako antolatu ditugun jardueretan parte hartzera. Adin guztiei zuzendutako jarduera asko daude”, esan du. Eskaintzaren barruan, itsas jardueren aldeko apustua egiten jarraitzen dutela nabarmendu du: “horren erakusgarri da Donibanen eskuragarri dauden piraguen eta stand up paddle taulen alokairua, badia eta kostaldea ezagutzeko”.
Itsas jarduera hauei dagokionez, udalak jakinarazi du banakako zein binakako piraguak aloka daitezkeela, ordubeterako edota egun osorako. Uda osorako bonua ere egin daiteke. “Egun pasa ahaztezinak” egitera animatu dituzte lau barrutietako haur eta gaztetxoak.
Izen emateak udalaren webgunean egin beharko dira, lotura honetan.