Yakovlev 42 taldeari elkartasuna adieraziko diote astelehenean
Hilaren 6an Oiartzungo musika taldeak Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko duelako, "adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" salatuko dute.
Yakovlev 42 taldeko sei kide eta kide ohik astelehenean —hilak 6— deklaratu beharko dute, “gorrotozko delitua” egotzita. Ikertu gisa agertuko dira epailearen aurrean; balizko prozesu judizial baten aurrekari da hori.
Horren harira, streetpunk taldearekiko elkartasuna areagotzen ari da. Horrela, astelehen arratsalderako, elkarretaratzea deitu dute. 18:30ean elkartuko dira, Done Eztebe plazan. Adierazpen askatasunaren aurkako erasorik ez izango da mobilizazioaren leloa.
Guardia Zibilaren txostena, oinarri
Taldeko sei kideak ikertuta daude gorroto delituagatik. Guardia Zibilaren txosten batean oinarritzen da salaketa. Haien esanetan, taldearen abestien letrak “guztiz intoleranteak” dira, eta kontzertuetan “zenbait jokabide” erakusten dituzte. Horrez gain, indarkeria “etengabe goraipatzen” dutela dio polizia erakundearen txostenak.
Urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete musikariei. Elkartasun adierazpenak jaso dituzte taldekideek. Hala, pasa den astean egindako plenoan, bi udal taldeen babesa jaso zuten. Astelehen goizerako, Oarsoaldeko, Donostialdeko eta Buruntzako kontseilu sozialistek elkarretaratzera deitu dute Donostiako epaitegien parean, 11:00etan.