Emakumeen xanistebanetako sokatira txapelketan dinamika aldatuko da
Taldeen osaketan aldaketaren bat egin nahi dutenez, bilera antolatu dute hilaren 31rako. Ekainaren 17an finkatuko dituzte taldeak.
Abuztuaren 3koa prestatzen hasiko dira. Xanistebanetan errotutako ohituretako bat da festetako egun handian egiten duten sokatira txapelketa. Aurtengoan ere jarraituko du usadioak, baina emakumeen txapelketan aldaketatxoren bat egin nahi dutela jakinarazi dute antolakuntza lanetan dabiltzanek.
Aurtengo proposamena “auzoka edo antzeko zerbait” egitea da. Horregatik, aurtengo dinamika kontatu eta probatzeko zita jarri dute. Sokatira txapelketan parte hartu nahi duten emakume guztiei dei egin diete hilaren 31n —bi aste barruko ostiralean— udako igerilekuetako lokalera hurbiltzea. 18:00etan elkartuko dira.
Jakinarazi dutenez, gelditu eta hurrengo bi asteetan ere soka probatzeko aukera egongo da. Taldeak ekainaren 17an finkatuko dituztela aurreratu dute. “Beraz, lehenago hurbildu. Probatzeko gogoarekin bazaude, animatu eta hurbildu!”.
