Agustinak Zentroa, martxan
Sormen zein kultur industrien sustapenerako erreferentziazko zentroak zabalik ditu ateak. Bertan jardun nahi duenak izena emateko aukera du.
Zabalik ditu ateak jada Agustina Zentroak. Kulturaren eta sormen industriaren arloko proiektuak sustatzeko gunea da, eta horien iraunkortasun ekonomikoa indartzeko baliabideak eskaintzen ditu, “ekintzaileentzako ekosistema oso bat eta sektoreko proiektuekin saretzeko” aukerak emateaz aparte, Oarsoaldea Garapen Agentziatik adierazi dutenez. Kultur eta sormen industrietako langileek euren ofizioetatik bizi ahal izateko aukera da, beraz, gunea. Errenteria-Oreretan dago, baina agentziatik zehaztu dute ingurukoek ere balia ditzaketela bertako azpiegiturak.
Jada lanean ari dira hainbat bertan. Oarsoaldetik zehaztu dute moda eta argazkigintzan, bideo-jokoetan, multimedian, interaktibitatean edo informazioaren eta komunikazioaren teknologian ari diren sortzaileek jada espazioa dutela bertan. “Askotariko eta elkarlaneko giro horrek aukera paregabea eskaintzen du sektoreko ekintzaile eta profesionalentzat”. Hala, bertan tokia izateko aukera irekita dagoela gogorarazi dute garapen agentziatik, eta eskaera egiteko modua erraztu dute.
Zentroa Agustinetako eskola zaharrak eraberritu ondoren zabaldu dute, 2,6 milioi euroko inbertsioarekin. Hainbat erakundek egin dute ekarpen hori: Errenteriako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, edo SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia daude horien artean. Oarsoaldea Garapen Agentziak kudeatuko du espazioa. Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren (Errenteriako Udalarena) eta Oarsoaldeko 2025 Plan Estrategiokoaren (garapen agentziarena) barruan dago egitasmoa.
Auzora zabalik
Eskola zaharra biziberritzearekin batera, eraikina auzora zabaldu dela azaldu dute garapen agentziatik. Hala, itxita zegoen lorategia edonork bisita dezake orain, eta bertan ostalaritza gunea ere zabaltzekoak dira (esleipen fasean dago). Plaza bat ere badu eraikinak, bertako erabiltzaileek nahiz nahi duen orok goza dezakeena, baita ekitaldiak antolatzeko ere.