Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Errenteria-Orereta
      • Lezo
      • Oiartzun
      • Pasaia
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    •  Bideoak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • Eskaintzak
  • Denda
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Zerbitzu gida
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu
Gizartea

Kukuak non jo duen jakiteko

Ku-ku Eguna egingo dute, hilaren 11n. Horren aterpean, ‘Dardarak’ proiektua sortu dute, Oiartzungo Maritxu eta Belauntzako Katalinaren XVI. mendeko lesbianen arteko istorioan oinarrituta.

kuku eguna Hilaren 11n sexu eta genero disidentzia islatzen duten liburuek Done Eztebe plaza hartuko dute, Ku-ku Egunean.
Erik Gartzia Egaña
Oiartzun
2024/05/03

Udaberria badatorrela iragartzen du kukuaren kantak. Urtarorik koloretsuena loratuta dagoenean, edo beharko lukeenean, ospatzen da Ku-ku Eguna Oiartzunen. Hirugarren aldia izango da hilaren 11koa, homo-, trans- eta bi- fobien kontrako nazioarteko egunak —maiatzaren 17ak— akuilatuta.

Horren harira Abaraxka ludotekak zerbait egin nahi zuen, eta herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean sortu zen Ku-ku Eguna. Izena, baina, ez dio hegaztiak ematen. Oarsoaldean, emakumeak gustuko dituzten emakumeei ku-kuak deitzen zieten.

Hala, Ku-ku Eguna egitearen helburua izan zen —eta da— «sexu eta genero disidentzia» islatzen duen literaturari ikusgarritasuna ematea. «Genero ikuspegidun, eta orokorrean ikuspegi kritiko bat duten haur eta gazte literaturako liburuekin ekitaldi bat egin genuen. Horrez gain, liburutegia kalera atera genuen, eta irisgarriagoa egin. Hemengo liburutegiak agian asetzen ez duen eskaintzaren erakusleiho bat egin genuen plazan», azaldu du antolaketan buru-belarri dabilen Joana Aurrekoetxeak.

Geroztik taldea egonkortu, eta hainbat lan ildo dituzte. Plaza hartuko duen ildoa, aurten, hilaren 11n izango da. Goizez eta arratsaldez txoko goxoa jarriko dute, liburuekin. Arratsaldean, tailerrak: Gazte Literatura Tailerrekoek ipuinak kontatuko dituzte; azkazalak margotzeko aukera izango da; kamisetak…

Hurrengo astean —hilaren 13an hasiko denean— Bidaia bat opari errepikatuko dute. «Hemengo ikastetxeetako ziklo bakoitzari liburu bana emango diogu. Galtzagorriren gomendatuen zerrendatik aukeratzen ditugu; mintegiak egiten dituzte, eta gomendagarrienak zein ziren erabakitzen dute. Aukeratu ditugu batzuk, eta kutxa batean sartzen diegu liburua», azaldu du Karmele Mitxelena taldeko kideak.

Horrekin, liburua lantzeko proposamena helarazten diete Ku-ku Taldekoek, modu didaktikoan. «Oinarrian dago irakurzaletasunaren gozamena, edo liburuak partekatzearena», gaineratu du Mitxelenak. Iaz bezala, areto literarioa antolatuko dute Galtzagorrekin, LHko bigarren zikloko ikasleei zuzenduta. Aurten Mireia Delgado ipuin-kontalari feminista hurbilduko da herriko hezkuntza zentroetara.

Dardarak

Ku-ku Taldearen hasierako helburuetako bat zen sexu eta genero disidentzia agertzen diren «kalitatezko edukidun» erdarazko liburuak euskarara itzultzea, gabezia ikusten dutelako alor horretan. Mitxelenak gogorarazi du: «Urtero liburu bat euskaratzea izan zen helburua. Saiakerak egin ditugu, eta guztietan ez dugu lortu. Azkena Jessica Loven Sirenak izan zen. Kontratua sinatzera gindoazenean, Kokinos argitaletxeak —gaztelerazko eta katalanezko bertsioak dituenak— esan zigun beraiek argitaratuko zutela euskaraz, Miren Agur Meaberen itzulpenarekin».

Beste saiakera bat egin zuten, baina lan karga eta kostua ikusita, beraiek zerbait sortzeko ekimena izan zuten. Ideiak trukatzen ari zirela, jaio zen Dardarak izeneko proiektua. Mitxelenak eta Aurrekoetxeak ondutako liburua da, Irune Iruretaren ilustrazioekin (Txalapartak argitaratu du). Ez da liburura mugatuko, hortik ere atera baita Dardarak artxiboan erakusketa. Datorren ostegunetik —hilak 9—aurrera ikus ahal izango da udaletxeko pleno aretoan.

dardarak album ilustratua

‘Dardarak’ album ilustratuaren azala.

Dardarak zer den azaldu du Aurrekoetxeak: «Adineko bi emakumeren arteko harremana kontatzen da, eta etxegabetze bat dago tartean. Bere oinarria XVI. mendeko gertakari bat da, Oiartzungo Maritxu eta Belauntzako Katalinarena. Donostian bizi ziren, eta auzipetuak izan ziren lesbiana izateagatik. Horri buruz irakurtzen eta ikertzen, erabaki genuen horrekin zerbait egin behar genuela».

Erakusketa duela 500 urteko emakume haietan oinarritzen da, eta liburuan islatutako istorioa ere nahasten du. Zubia egiten dute Belauntzako Katalina eta Oiartzungo Maritxuren gertaerarekin. «Maritxu eta Katalinaren istorioari zerbait gehitu diogu. Izan ere, oso dokumentazio gutxi dago haien istorioaren gainean, baina baita sexu-disidentzian egon ziren bizitzena ere, oro har», esan du Mitxelenak.

XVI. mendeko bi emakumeen auziaren berri nola jakin zuten azaldu du Aurrekoetxeak. 2008an, EHGAMek Homofobiaren mila aurpegiak izeneko erakusketa egin zuen Donostian. Hurrengo urtean, Bilgune Feministak ekintza egin zuen, hiriko Errege Katolikoen kalearen plakaren gainean Maritxu eta Katalinaren izena zuen bat jarri zuten. «EHGAMekoek nondik atera zuten ez dakigu, Mikelak [Mikel Martin Condek] pasatu baitzigun informazioa hil baino astebete lehenago», jakinarazi du Aurrekoetxeak.

Beraien hipotesia da Jesus Angel Solorzano Historiako katedradunak —LGTBIQ+ gaiak aztertzen ditu, bestek beste— Valladolideko Errege eta Kantzelaritzako artxiboetan zortzi orrialdeko auzi bat aurkitu zuela, Maritxu eta Katalinarena, eta gaurko gaztelaniara eguneratu zuen. «Uste dugu hortik egin zela ezagun. Gainera, duela urte batzuk, Oiartzungo mugimendu feministaren ekitaldi batean bertsoak jarri zizkien Alaia Martinek, baina galdu dira», esan du Mitxelenak. Hori guztia erakusketan zehatz kontatuta dagoela aurreratu du.

Modu horretan, ezkutuan egon den «errealitate zabal» bati ikusgarritasuna eman nahi diote. «Emakume eta sexu-disidenteek —nahiz eta garai haietakoari buruz ezin den gako horiekin hitz egin— ezkutaketa are handiagoa izan dute. Sodomiagatik, gizon asko epaitu zituzten, baita erre ere. Ulertzen zen emakumeek ez zutela sexualitatea bizi, eta beraien funtzioa ugaltzea zela, sexualitatea gizonen mesedera egotea. Sozialki ere, esfera pribatura kondenatuta izan ziren, eta horregatik ez dago materialik ez literaturan, ezta arlo juridikoan ere», azaldu du Aurrekoetxeak.

Joana Aurrekoetxea eta Karmele Mitxelena, Ku-ku Taldekoak.

«Heteropatriarkatuari izkin egin dioten bizitzak» giltzapean mantentzen direla gaineratu du. Erakusketa hasiko den egunean bertan, Oiartzungo Wikiemakumeek Katalina eta Maritxuren auziaren sarrerarekin elikatuko dute euskarazko Wikipedia, are ikusgarritasun handiago emateko. Erakusketaren hurrengo geltokia Tolosa izango da, eta Donostian ere zerbait egingo dutela aurreratu dute. Erakusketa jartzeko prest leudekeen beste herrien gonbita «beso zabalik» jasoko dutela iragarri dute.

Taldearen helburua, beraz, «aniztasuna erakustea» da, baita «normaltasunaren eta heteropatriarkatuaren aurrean» heziketa kritikoa egitea ere. Udaberrian bezala, sexu eta generoan ere kolore guztiak loratzen direla argi utzi eta kukuak nondik jo duen jakiteko.

Egitaraua

  • Hilaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, Dardarak album ilustratuaren aurkezpena Hipatia lorategian.
  • Hilaren 9an, arratsaldeko 18:30etan, Dardarak Artxiboan erakusketaren inaugurazioa (Dardarak album ilustratutik abiatuta). Erakusketa zabalik egongo da hilaren 17ra arte.
  • Maiatzaren 11n Ku-ku Eguna kontzejupean: kaleko liburutegia egun osoan zehar, eta arratsaldean tailerrak eta ipuin kontaketak.
  • Hilaren 13tik 17ra ipuin kontaketak herriko bi ikastetxeetan, LH3-LH4 mailetan, Mireia Delgadorekin.
  • Hilaren 13tik 17ra Bidaia bat opari ekimena: ikastetxeei liburu batzuk oparitzen dizkiete ikasgelarako.

Maritxu Oiartzungoaren eta Katalina Belauntzakoaren afera

Jesus Angel Solorzanoren Izenik gabeko delitu baten kasua izeneko lan historiografikoan oinarritu dira Ku-ku Taldeko kideak Katalina Belauntzakoa eta Maritxu Oiartzungoaren auzia dibulgatzeko. Beraiek jasotakoa da honakoa.

1503ko uztailaren 3an, Valladolideko Errege Auzitegi eta Kantzelaritzak epaia eman zuen, elkarrekin «haragizko harremanak» izatea leporatuta bi emakumeei. Epaiketa hura, lehenengo instantzian, Donostian hasi zen, bertako alkate zen Miguel de Ochoak Belauntzako Katalina atxilotu, torturatu, eta ondoren, jabetza guztiak kenduta, erbesteratzeko agindua eman zuenean, Maritxurekin sexu harremanak izan zituela salatuz.

Herritar batek eman zion abisua. Salaketa ikertu, eta leporatzen zitzaiena berretsi ostean, alkateak Katalina Donostiako Sakramenteroen Dorrean kartzelaratu zuen, bere jabetza guztiak konfiskatuz. Fama publikoa zuen harremana zela, edo bestela esanda, haien arteko sexu harremanak Donostia osoan ezagunak zirela egozten zitzaion Katalinari. Honek, bere kontrako akusazioa faltsua zela esan zuen, emakume ondradua eta fama onekoa zela argudiatuz. Haren esanetan, lekukoek ez zuten egia esan, ez zegoen frogarik, eta inondik inora istorio hori ez zen sonatua hiribilduan.

Alkateak agindu zuen ur bidezko tortura erabiltzea, bi aldiz, salatutako hori aitor zezan. Katalinak bere errugabetasuna berretsi zuen, baina alkateak prozedurarekin jarraitu zuen. Bitartean, Katalinaren jabetzak publikoki enkantean jarri zituen. Nahikoa froga sendorik gabe, alkateak epaia aditzera eman zuen. Akusatzen zitzaion delitua oso larria zela kontuan hartuz, errudun deklaratu zuen Katalina, epai honek aurrekari bezala balio zezan tentazioan eror zitezkeen gainontzeko herritarrentzat, Donostiarentzako eredugarria izango zelakoan.

Jasandako torturak eta gainerako neurriak nahikoak izan ez baziren, alkateak zigor moduan, Katalina hiribildutik betiko erbesteratzea erabaki zuen, eta auzi guztiaren gastuak beregain hartzera kondenatu. Katalinak inoiz Donostia berriro zapaltzen bazuen, heriotzarekin mehatxatu zuen: plazan soka batetik buruz behera zintzilikatuko zuten, bertan hil arte.

Katalinak, ordea, ez zuen amorerik eman, eta epaiaren apelazioa egin zuen Valladoliden, bi helbururekin: errugabetzat jotzea eta zigorra kentzea, eta bere fama ona eta ohorea itzularaztea.

Gaztelako erresumako auzitegi gorenak errugabe deklaratu zuen, frogarik ez zegoelako eta akusazioak lekuko bakarra aurkeztu zuelako, argi geratuz Katalinari egozten zitzaion delitua ez zela fama publikokoa. Harreman hori Donostiako biztanleen artean ezaguna ez zelako absolbitu zuten, eta Katalinaren fama oso-osoa erreparatzera zigortu zuten alkatea.

Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan gordetzen den agiri baten arabera, Katalina Belauntzakoa Tolosan hil zen 1546ko ekainaren 4an.

Ku-ku Taldeak ateratako ondorioak. Solorzanoren lanetik ateratako ondorioak partekatu ditu Ku-ku Taldeak. Horrela, historialariak dioen bezala, delitua «inongo momentutan» aipatzen ez den auzia da. «Delitua itsusia dela esaten da —porque siendo el delito tan grave e feo— alkateak Katalina suntsitzen du, ondasunak kentzen dizkio, eta bere komunitatetik kanporatzen du. Alkateak epaia ematen du, aitortuz ez dagoela froga nahikorik, eta hala ere, erbestera bidaltzen du».

Ku-ku Taldearen arabera, Katalina Belauntzakoa «emakume independente» agertzen da auziko testuetan, «gizonik gabea» eta «negozio propioak» zituena. «Ekonomikoki ondo zihoakiola argi ikusten da, jabetzak kenduta ere Entzutegi Nagusian errekurritu ahal izanak adierazten duen bezala; izan ere, oso garestia zen Valladoliden helegitea jartzea, hilabeteetako egonaldia, letratuak, prozesu kostuak-eta ordaindu behar izaten baitziren», ondorioztatu dute.

Puntu horretara iristeko argudioak honakoak dira: «Emakumeek haien negozio propioak izatea oso ezohikoa zenez garaian, pentsa dezakegu bere senitarteko gizonezko guztiak hil edo desagertu zirela, eta beraz, haien negozioarekin gelditu zela. Horrez gain, heterosexualitatearen eta ezkontzaren instituzioaren arauetatik kanpo gelditzea erabaki zuela ondoriozta dezakegu, eta honek, garai hartako emakumeekin alderatuz, Katalina emakume aski burujabea zela erakusten digu».

Maritxu Oiartzungoari buruz ezer gutxi dakite. Solorzanok esanda, Katalina zen bien artean pertsona «ikusgarriena». «Hau da», azaldu dute, «garaiko emakumearen rol otzanarekin apurtzen zuena, jaungoikoaren mandatuari izkin egiten ziona, eta gizonen boterea ezbaian jar zezakeena».

Beraz, Maritxuri buruzko informazio askorik ez daukate. Ohartarazi dute, hala ere: «Espedientean Maritxu subjektu prozesatu bezala ez agertzeak ez du esan nahi, adibidez, epaiketa paralelo bat eduki ez zuenik».

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).



Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Irun kalea 8, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.