Udan 40 kirol egiteko aukera izango dute oiartzuarrek
Ekainaren 17tik irailaren 8ra bitarteko kirol eskaintzaren berri eman dute, eskualdekoa. Hamabi jarduera herrian bertan egin ahal izango dira.
Urtero bezala, Uda Kirol izeneko eskaintza antolatu dute Oarsoaldeko lau udalek. 40 jardueratan aritzeko aukera izango dute oiartzuarrek. Hamabi herrian bertan izango dira, eta gainontzekoak, beste hiru udalerrietan.
Haur eta gazteei zuzendutako jarduerak izango dira gehienak, baina helduagoek ere izango dute ariketa fisikoa egiteko aukera.
Ekainaren 17tik irailaren 8ra luzatuko da Uda Kirol. Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, jada eman daiteke izena. Eskaintza “aberatsa” dela azpimarratzeko, egin ahal izango diren jardueretako batzuk zerrendatu dituzte: arrauna, BTT, paddle surf, piraguismoa, eskalada, tenisa, igeriketa, esku pilota, padela, judo, zumba, gimnasia akrobatikoa eta erritmikoa…
Informazio gehiago eskuratu edo izena emateko antolatzaileekin jarri behar da harremanetan. BPXport, OTXE eta Oiarpek antolatuko dituzte Oiartzungo ikastaroak. Ikastaro bakoitzaren iraupena eta prezioa eskuorrian dago zehaztua.