Gaurko eta biharko elkarretaratzeekin bat egin du Oiartzungo Udalak
Gaur arratsaldean Yakovlev 42 taldeari babesa emango diote plazan. Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatuko dute bihar.
Oiartzungo Udalak, ohar baten bidez, jakinarazi du bat egin duela gaurko eta biharko Done Eztebe plazan deituta dauden mobilizazioekin. Biak ala biak 18:30ean izango dira.
Donibane Lohizuneko hilketa matxista gaitzetsi du udalak. Gogorarazi dutenez, 2003tik hildako 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa. “Oiartzungo Udalak, hilketa matxista gogor gaitzesteaz gain, gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du”, adierazi dute.
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du biharko (asteartea). Deialdi horrekin bat egiteaz gain, herritarrei ere gonbita egin die bertara ager daitezen.
Gainera, indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarri dute udaletxeko balkoian.
“Adierazpen askatasunaren alde”
Gaur arratsalderako herritar talde batek elkarretaratzea antolatu du, Yakovlev 42 musika taldeari elkartasuna adierazteko. Gaur deklaratu behar izan dute gorroto delitua egotzita.
“Hori dela eta, taldeari babesa adierazi eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau salatzeko gaur arratsaldeko elkarretaratzearekin ere bat egin du Oiartzungo Udalak”, zehaztu dute. Herritarrak ere bertara joatea animatu dituzte.
Gogorarazi dutenez, apirileko plenoan mozioa onartu zuten, bi udal taldeek adostuta, musika taldeari babesa emateko. Adierazpen askatasuna babestu eta zaintzearen aldeko aldarria egin zuten. “Demokrazia osasuntsu baten mesedetan, kultura eta artea iritziak eta ideiak plazaratzeko tresna baliotsuak dira”.