Txakurren jabeen betebeharrak oroitarazi ditu Lezoko Udalak
Bando bidez udalak oroitarazi du hainbat betebehar dituztela txakurren jabeek, eta horiek ez betetzea zehapen-espedientea irekitzea ekar dezakeela.
Txakurrak lotuta eramatea; pertsonen ohiko pasabideetan gorotz eta gernu isurketak ekiditea; eta gorotzik balego, horiek jasotzea. Txakurren jabeen betebeharrak oroitarazi ditu Lezoko Udalak, bando bidez. Hiru betebehar orokor horiek dituzte txakurren jabeak direnek, Animalien Eskubideen Babeserako eta Ongizaterako Legearen (2023ko martxoaren 28koa) arabera.
Txakurren ezaugarrien araberako beste neurri batzuk gogorarazi ditu udalak, zehazki, potentzialki arriskutsu bezala izendatuta dauden horiei begirakoa: kalean daudenean muturrekoa eraman behar dute jarrita uneoro, eta txakurra daraman pertsonak beti izan beharko du eskura bai txakurrari dagokion baimena, bai eta hori paseatzeko eskubidea ematen duen agiria ere.
Udalak oroitarazi du, aipatutako neurri horiek betetzen ez duten jabeei zehapen-espedientea zabal dakiekeela.