Angel Blanco Egozkozabalen kartelak iragarriko ditu sanferminak
Errenteriarrak bigarren aldiz irabazi du Iruñeko festak iragartzeko lehiaketa. 'Gaiteroak' kartelak iruindarrentzako 'unetxo' garrantzitsua islatzen du.
Angel Blanco Egoskozabal ezaguna da bere jaioterrian, Errenteria-Oreretan, madalenak iragartzeko kartel lehiaketa askotan irabazi duelako. Martxa honetan Iruñean ere ezaguna izango da, Hiri buruzagiko festetako kartel lehiaketa bigarren aldiz irabazi duelako, 2009koa errepikatuta.
Euskalerria Irratiak jaso duenez, 635 kartel aurkeztu dira sanferminetako lehiaketara. Hamar adituk osatutako epaimahaiak hamar finalista aukeratu zituen, eta 10.018 boto jaso dira kartela hautatzeko. Boto gehien jaso duena Blancoren Gaitariak izan da. Ez du nolanahiko emaitza lortu: 3.333 lagunek bere aldeko botoa eman dute.
Blanco Egozkozabalen kartelak “balio piktoriko handia” duela adierazi du epaimahaiak. “Tradizionala eta, aldi berean, berritzailea” den kartela dela argudiatu dute.
Errenteriarrak iruindarrentzako “oso berezia” den unetxoa aukeratu du: txupina bota ondoren, gaitariak plazara atera eta milaka sanferminzale rumbala rumbala rum-ka dantzan jartzen dituen momentua.
59 egun besterik ez dira falta unetxo horretarako…