Astelehen Goizak taldeak 'Nondik' estreinako diskoa entzungarri jarri du
Plataforma ia guztietan eskura daitekeela jakinarazi dute. Datorren ostiralean Landetxeko oholtzan aurkeztuko dute.
![astelehen goizak](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/05/astelehen-goizak.png)
Oiartzungo agertoki musikala emankorra da, eta gaur bertan beste fruitu bat eman du. Astelehen Goizak taldeak Nondik diskoa atera du. Gitarren riff-ak eta doinu popzaleagoak nahasten dituen diskoak dozena bat abesti ditu.
Taldekideek jakinarazi dutenez, ia plataforma guztietan entzun ahal izango da; Spotifyra igotzea laster espero dute, Astelehen Goizak-ek bere Instagrameko kontuan adierazi duten moduan. Teknikaria Maikel izan da (MIK estudiokoa) eta Lezotin grabatu dute diskoaren gehiengoa; Gorka Lezoti grabaketa laguntzailea izan da eta Miguel Demborak masterizazioa egin du.
Taldeak datorren ostiralean, hilak 10, aurkeztuko du disko berria, etxean. Landetxeko auditorioko oholtzara igoko dira, 22:30ean hasiko den emanaldian. Nondik diskoa aurkeztu ondoren, Mugan Donostiako taldea arituko da, jaialdia ixteko.
Sarrerak udalaren webgunean daude, 8 euroan.