Maria Blanco eta Andoni Ollokiegi, udaberriko kuxkuxeroak
Kuxkuxeroak egitasmoak eskualdeko gazteei beren gustuko erreferente euskaldunekin hitz egiteko eta egoteko aukera ematen die. Blanco Lezon (hilak 10) eta Pasaian (hilak 31) izango da. Ollokiegi, aldiz, Errenteria-Oreretan (hilak 24).
Hemen da Udaberriko Kuxkuxeroak egitasmoa. Iniziatiba horrek eskualdeko gazteei beren gustuko erreferente euskaldunekin hitz egiteko eta egoteko aukera ematen die. Kuxkuxeroak proiektuaren barneko saio horiek Kuadrillategin edo bestelako egitasmoetan dabiltzan eskualdeko 12 eta 18 urte arteko gazteei eskaintzen zaizkie.
Alde batetik, Maria Blanco bakarrizketari eta aktorea Lezoko gazteekin bilduko da hilaren 10ean, eta Pasaiakoekin hilaren 31n. Bestetik, Andoni Ollokiegi sanjuandar abeslaria Errenteria-Oreretako gazteekin izango da hilaren 24an.
Aipatutako saioetan beren ibilbide profesionalaren eta bizipen pertsonalen berri emango dute Blancok eta Ollokiegik, eta gazteek haiei egiteko galderak prestatuta eramango dituzte. Solasaldi “ireki” eta “atsegina” sortu ohi dela nabarmendu dute antolatzaileek.
