Kayak surfeko munduko lau txapelketa Aiur Illarretarentzat
Kirolari lezoarra Euskal Selekzioarekin izan da lehian Argentinako Munduko Kayak Surf Txapelketan.
Kayak Surfeko Munduko Txapelketa izan da jokoan azken egunetan Argentinako Mar del Plata hirian. Kirol modalitate horretako Euskal Selekzioko kideak bertan izan dira. Taldearen partaide izan da Aiur Illarreta Beñaran lezoarra: munduko lau txapelketa lortu ditu gazteak, bat taldeka, eta beste hiruak bakarka.
Taldekakoa sari orokorra izan da. Izan ere, Argentinako lehian izan diren selekzio guztietako kideen emaitzak kontuan hartuta, Euskal Selekzioa izan da onena.
Banakakoan, hiru urre ekarri ditu Lezora Illarretak: Open Short kategoriakoa (kayak txikiarekin), eta New Age modalitateko biak, Short eta Long atalekoak (kayak motz eta luzeak).
Beste behin, emaitza paregabeak eskuratu ditu Donostiako Klub Nautikoa klubeko kirolariak. Palmares izugarri aberatsa osatzen ari da. Adibidez, aurreko Kayak Surfeko Munduko Txapelketan (Ingalaterrako Bude hirian izan zen, 2022an) onena izan zen piragua edo kayak motzeko eta luzeko Junior Mailako lehietan.