Oiarperen asteburuko partiden emaitzak (2024-05-13)
Oiartzuarrek 36 norgehiagoka jokatu dituzte asteburuan. Horietatik hamazazpi irabazi dituzte, tartean bi kanporaketa.
Oiarpeko pilotariek 36 partida jokatu dituzte asteburuan, eta hamazazpi garaipenekoa izan da asteburuak oiartzuarrei utzi dien uzta.
Jokatutako norgehiagoketatik bost kanporaketak izan dira. Lesakan hiru jokatu zituzten, Benito Taintaren omenezko txapelketan. Ez zuten zorte handirik izan oiartzuarrek, ez baitzuten aurrera egiterik izan.
Gainontzeko bi kanporaketetan asmatu egin zuten. Antzuolako San Isidro Txapelketan, nesken haurren mailan, Galardi oiartzuarrak eta Balerdik Uribesalgo eta Crespo kanporatu zituzten, finalerako txartela lortzeko.
Oihan Etxeberriak Aingeru Bernaolaren kontra jokatu zuen Masters Kaiola lau t’erdiko txapelketako final laurdenetan. Bost tantogatik garaile izan zen oiartzuarra.
Etxeberriak bihar jokatuko du beste kanporaketa. Etorkizuneko Txapeldunak —22 urtez azpikoa— txapelketan Leonetek Ibarluzearekin batera jokatuko du final hamaseirena. Kontrarioak Saez ataundarrak eta Santesteban Oberenakoak osatzen duten bikotea izango da.