"Ezin dugu onartu eraso matxista egin duen ertzaina ez kaleratzea"
Oarsoaldeko Mugimendu Feminista batera azaldu da prentsa aurrera ertzain batek 2021ean egindako eraso matxista salatzeko. Eusko Jaurlaritzari erasoa "estaltzeko nahia" egotzi dio. Mobilizazioak iragarri dituzte.
Agerraldia egin du gaur arratsaldean Oarsoaldeko Mugimendu Feministak. Zumardiko kioskoaren eskailerak bandera feministekin bete dituzte, eta mezu garbia helarazi dute pankartarekin, Poliziak ez gaitu babesten, Feminismoak bai. Bildutakoek kartelak eskutan Erasorik ez leloarekin.
Ez da ohikoa Errenteria-Orereta, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo antolakunde feministak bat eginda azaltzea prentsa aurrera, eta horrek erakusten du, neurri batean, gertaeraren eta haren inguruan josi direnen larritasuna.
Lehenik, ertzain baten eraso matxista jasan zuen emakumeari elkartasun osoa adierazi diote Gamon Zumardian bildutako lagunek: “Zurekin gaude”.
2021 urtean, hau da, duela hiru urte, Errenteriako Ertzain etxeko agente batek emakume bat eraso zuen. Gertaeraren gaineko informaziorik ez da izan, harik eta prentsan zabaldu den arte duela egun gutxi. Oso larritzat jo du mugimendu feministak, eta harago jo du, ziur baita, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak gertaera “estaltzeko nahia” izan duela hiru urte hauetan: “2021 urtean ertzain batek indarkeria matxistaren biktima bati eraso egin zion: Gertaera hau berez, oso larria bada, are larriagoa bihurtzen da ertzain hori indarkeria matxistaren biktimak babesteko unitateko kidea zela jakitean”.
Haserre eta kezkatuta esan dute ez dutela onartuko hiru urte pasa izana eraso larri honen berri jakin gabe, “gure herrian gertatu zen eta herritarrok ez dugu inongo informazio eta azalpenik jaso”. Erdi-erdian jarri dute gainera, hausnarketa bat: “ez al dago inolako protokolorik edo diziplinazko araudirik eraso matxistak egiten dituzten agenteei begira? ez dugu onartuko, ertzaintzak, jokabide nazkagarri hau duen agente bat ez kaleratzea, herritarrak artatzeko kontakturik eta daturik izan ez dezan”.
Bereziki larria ere iruditu zaio mugimendu feministari “judizialki larritzat” ez hartzea erasotzailea polizia izatea: “are gehiago, indarkeria matxista jasaten duen emakumeak babesteaz arduratzen den polizia bat izanik”.
Instituzioen jokaeraren aurrean gogor ere mugimendu feminista gaurko agerraldian, “ezin dugu onartu horien gardentasun eta ardura falta”.
Horrenbestez, halako egoera bat inoiz ez errepikatzea exijitu dute, baita azalpenak ere argitzeko noren ardura izan den eraso matxista estali izana. Halako kasu baten aurrean, gainera, administrazioak eraso egilea zuzenean kaleratzeko exijitu dute.
Mozioak eta salaketa elkarretaratzea
Oarsoaldeko Mugimendu Feministak hainbat mobilizazioren berri eman du eraso matxistari erantzuteko. Lehenik eta behin, Oarsoaldeko lau herrietako udaletxeetan mozioak aurkeztuko dituela gertaera salatu eta neurriak eskatzeko jakinarazi du. Horrekin batera, elkarretaratzera deitu du hilaren 25ean, larunbata. Matxaingo biribilgunean izango da 12:30ean. Mugimendu feministak herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.