Biodibertsitatea eta natura ondarea aitortza Parkeen Europako Egunean
Hilaren 24an, Parkeen Europako Eguna ospatuko da eta horren harira hainbat ekintza antolatu dituzte.
Parkeen Europako Eguna izango da hilaren 24an, eta ingurumari horretan ekintza sorta antolatu dituela jakinarazi du udalak. Lehen ekintza bihar bertan helduko da Aiako Harria Parke Naturaleko eta Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) Añarbeko Eboluzio Naturaleko Eremura. Informazio gehiago lortu nahi dutenek, turismo bulegoaren posta elektronikora mezua bidal dezakete (egin klik hemen).
Bigarren hitzordua hilaren 22an izango da Reina Aretoan, 19:00etan hasita. Bira ekoiztetxearen Oinez dokumentala emango dute. Horrekin batera, Aranzadi Zientzia Elkartearen hitzaldia izango da. Añarbeko herri basoen, floraren eta faunaren kontserbazioaren gaineko azterlan berriak izango dituzte hizpide, pagadiak, hariztiak, onddoak eta intsektuak.
Hilaren 26an, Aiako Harria Parke Naturalaren eguna egingo dute, Oielekun (Oiartzun), Foru aldundiak eta Oiartzungo Udalak antolatuta.
Ekintza horiek, hilaren 21ean, asteartea, ospatuko den Natura 2000 Sarearen Europa Egunaren harira antolatu dituzte. Sare horrek, planetako babestutako eremu multzo handiena biltzen du, 27.000 lehorreko eta itsasoko eremurekin. Bertan biodibertsitatearen eta bizitza basatiaren biziraupenerako ezinbestekoak diren Gipuzkoako hainbat gune aurki daitezke: Aiako Harria, Urume, Jaizkibel, Ulia, Artikutza, Abadia eta Txingudi.
Europarc Federazioak, berriz, 38 herrialde batzen dituen erakunde paneuroparrak, aurten ere hilaren 24an Parkeen Europako Eguna ospatuko du. Egun horretan, duela mende bat baino gehiago Europan, Suedian hain zuzen, lehen parke nazionalak izendatu zirela ospatzen da.