Sormena eta ekintzailetzarako talentua dutela erakutsi dute
dbSarien 11. ekitaldia egin dute gaur Don Bosco LHIIren ekimenez. Sormenerako eta ekintzailetzarako ahalmena agerian jarri dute parte hartzaileek.
dbSariak ekitaldia egingo du gaur Don Bosco LHIIk. 11. ekitaldia izango du, eta sarien bidez, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikasleen artean STEAM diziplinak —zientzia, teknologia, ingeniaritza, ekintzailetza, artea eta matematika— sustatzea du helburu. Sariek gainera, ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortzen dute, baita haien ikuspegi sortzailea eta beste era batera pentsatzeko gaitasuna ere.
Don Bosco LHIIko kiroldegiak hartu ditu aurtengo sariketara aurkeztu diren proiektuak. Mikel Gorrotxategi Zipitria Don Bosco LHIIko Mantenu Elektronikoko irakasleak HITZAri azaldu dionez hamasei proiektu aurkeztu dituzte osotara, “urtero kopuru horietan ibiltzen gara. Kategoria ezberdinak daude, inguruko DBHko ikastetxeak, Batxilergoa, LH erdi Mailakoak eta Goi Mailakoak”.
Proiektuen artean denetarik. DBHko ikasleek hainbat diziplinekin lotutako jokoak sortu dituzte: Energia, baratza, alzheimerra… Horiekin batera Urmaela proiektua. Azken hori izan da gainera saritua Lanbide Heziketako Goi mailako proiektuen artean. Gorrotxategik azaldu du Bryan Arias, Ander Esteban, eta Ignacio Sorarrainen proiektua, “Urmalea proiektua dago ikastetxeetan, baratzak dituzten bezala eta proiektu honetan sentsoreak jarri eta uraren parametroak kontrolatzeko sistema sortu dute: uraren tenperatura, uraren gardentasuna, inguruaren hezetasuna… neurtzea ahalbidetzen du”.
Horiekin batera, urtero azaldu ohi diren proiektuak ere aurkeztu dituzte gaurko dbsarietara: sintetizadoreak, telefonoaren bidez mugitutako auto txikia, Arduino bidez egindako semaforoak, edota mugikortasun arazoak dituztenentzako aulki anfibioa.
Azken hori egiten lau hilabete eman dituzte Aimar Rebollok, Eneko Balserak, eta Nelson Inestrosak. Azken horrek egin omen zuen diseinua “zerotik abiatuta” eta planoa beste ikaskideei emanda hodiak moztu, muntatu, eta soldatu egin zituzten. Aulkia arina egiteko aluminioa erabili dute, “bost kilora ez da iristen eta hondartzarako egokia da herdoilak jotzen badu ere ez duelako jaten”.
Probatzeko irrikaz daude, hondartzara eraman eta nola moldatzen den ikusteko, “oraindik ez dugu hondartzan probatu. Praktiketan gaude orain, eta horiek bukatuta izango dugu aukera”.
Irabazteko itxaropena bazuten gaurko dbSarietan, baina azkenean beste proiektu batzuk eraman dute sari hori.
DProiekton
- DBH: Baratza Zertan datza? proiektua. Egileak: Unax Aiestaran Fraile, Dilan Garcia Urgiles eta Keila Serrano Diaz.
- Batxilergoa, Erdi Mailako Lanbide Heziketa: Alzheimer proiektua. Egileak: Maitane Napal Mendez, Andre Jeniffer Valdiviezo Aynaguano.
- Goi Mailako Lanbide Heziketa: Ur Maela proiektua. Egileak: Bryan Arias, Ander Esteban, eta Ignacio Sororrain.
dbBots
- Goi Mailako Lanbide Heziketa: Timmy proiektua. Egileak: Aixa Berasategi, Julen Etxeberria, eta Iker Gomez.
- Batxilergo, DBH eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa: Poperrari proiketua. Egileak: Eneko Mosquero, Julen Santamaria.
DroneBosco
- Saritua: Pablo Besga
DiseinuOn
- Saritua: Ceinpro
Ekintzailea DB
- Saritua: Urmaela proiektua. Egileak: Bryan Arias, Ander Esteban, eta Ignacio Sorarrain.