1931n Ategorrietan eraildako itsasoko langileak gogoratuko dituzte larunbatean
1931ko maiatzaren 27an, beren lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen ari zirela, Guardia Zibilak itsasoko zortzi langile hil zituen. Larunbatean haiek omentzeko martxa bat egingo dute Trintxerpetik Ategorrietara, 11:00etatik aurrera.
Fato Cultural Daniel Castelao Elkarteak, Ezker Anitza-IUk eta PCE-EPKk antolatuta, 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilaren tiroen ondorioz hildako itsasoko langileak gogoratzeko eta omentzeko martxa bat egingo da larunbat honetan (hilak 25). 11:00etan irtengo dira Trintxerpeko Gernika plazatik, eta Donostiako Ategorrietako Erlojuan bukatuko dute ibilbidea.
Datorren astelehenean 93 urte beteko dira Guardia Zibilak itsasoko zortzi langile hil zituenetik. Langile horiek beren lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen ari ziren. Antolatzaileek jakinarazi dute itsasoko langileen lan baldintzak “esklabotzarekin” pareka zitezkeela. Garai hartan arrantzak “errentagarritasun handia” zuen arren, familiek “gosea” pasatzen zutela adierazi dute martxaren sustatzaileek.
Gauzatu zituzten mobilizazioen barruan, 1931ko maiatzaren 27an manifestazio bat egin zuten Donostiaraino beren aldarrikapenak zabaltzeko. Mobilizazio horietan “milaka” pertsonak parte hartu zutela zehaztu dute. Guardia Zibilak Ategorrietan “atxiki” zituela nabarmendu dute, “karga batekin”. Karga horren ondorioz, “gutxienez” zortzi langile erail eta hainbat balaz zauritu zituztela adierazi dute antolatzaileek.
“Gaur egun Trintxerpeko eta Pasaiako herritarren zati handi bat ‘Ogia gure seme-alabentzat’ eta ‘Askatasuna gure lankideentzat’ lelopean manifestatu zirenen ondorengoan dira. Martxa honek omenaldia egin nahi die itsasoko langile klasearen eskubideen alde borrokatu eta erreprimitu zituztenei. Baina, haien borrokak onurak ekarri zituen: 24 orduko atsedenaldiak edo soldaten hobekuntzak, besteak beste”, esan dute martxaren sustatzaileek.
Era berean, antolatzaileek uste dute “ezinbestekoa” dela historia ezagutzea eta “itsasoko langileek beren lan baldintzak hobetzeko eta armadoreen zikoizkeriak eragindako miseriatik irteteko” egindako borroka gogoratzea.
Horrez gain, martxaren antolatzaileek gogorarazi dute maiatza hasieran iniziatiba bat erregistratu zutela Pasaiako Udalean, hainbat proposamenekin. Horien artean honakoak jakinarazi dituzte: eraildakoen izena duen plaka bat jartzea; gertaera latzaren berri ematen duen liburu bat argitaratzea; eta langileen borrokaren memoria berreskuratzea, gehienak Avance Marinori lotutako galiziarrak ziren, gehiengo anarkista eta komunista asko zituen sindikatua. “Korporazioak onar ditzala espero dugu, eta lan baldintza eta bizi baldintza duinak defendatzeko zauritu edo hil ziren langileen borroka aitortzea nahi dugu”, esan dute.