La Motora, Mugirik gabe, Trintxerpen
Antzerkia eta dantza uztartzen dituen konpainiak "ezusteko" performancea egingo du asteartean Trintxerpeko Gudarien plazan.
La Motora antzerkia eta dantza uztartzen dituen taldeak saioa egingo du hilaren 28an (asteartea) 18:30ean Trintxerpeko Gudarien plazan. “Ezusteko” performancea izango dela iragarri du Pasaiako Udalak. Ustekabeko emanaldia lehorrean izanda, ikusleek ez dute Mugi txartelik beharko, itsasoko motoran ez bezala.
Performancea-ren gaineko xehetasunak eman ditu udalak. Tokiko erakundeak ziurtatu du Pasaiako bizilagunen begirada eta sentimendua “modu sotilean” eraldatzeko asmoa dutela La Motorakoek: “Ikusezina ikusaraztea bilatzen du, materiagabea elikatzea eta, batez ere, guztiok gure bizitzako uneren batean pairatzen ditugun kalteberatasunak eta hauskortasunak serioski hartzea. Artea gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertuta”.
La Motora antzerkia eta dantza komunitatearekin elkarlanean lantzen duen taldea da. Mafalda Saloio zuzendari eta aktoreak, eta Blanca Caballero Adinkide gobernuz kanpoko erakundeko langileak sortu zuten. Pasaiako Udaleko Berdintasun arloaren sostengua du. Hala, taldearen eta hark ordezkatzen duen esparruaren muinaren gaineko zehaztapen gehiago eman ditu udalak: “Iniziatiba honen helburua da lotura afektibo berriak sortzea eta sareak eraikitzea Pasaian adin guztietako pertsonen artean, arreta berezia eskainiz nahi ez diren bakardade-egoerei, eta adineko emakumeak ahalduntzen lagunduz. Betiere, gizarte interdependentea garelako ideiatik abiatuta, eta komunitateko zainketei heldu behar diegulako”.