Hamahiru aztergai Pasaiako udalbatzarrean
Asteartean bilduko dira hamazazpi hautetsiak Arizabalon, 18:00etatik aurrera. Talde sozialistan aldaketak egingo dituzte.
Urteko seigarren ohiko udalbatzarra hilaren 28an (asteartea) egingo dute Pasaiako Udaleko hamazazpi zinegotziek. Hamahiru aztergaiko plenoa izango da. Donibaneko Arizabalo jauregian, udaletxean, bilduko dira hautetsiak 18:00etatik aurrera. Puntu gehienak tramitezkoak dira, udalaren barne funtzionamenduarekin harremana dutenak.
Hala, alkatearen eta zinegotzi ordezkarien ebazpenen, eta tokiko gobernuaren akordioen berri eman ondoren, PSE-EEren udal taldearekin harremana duten bi puntu landuko dituzte. Lehenean, talde sozialistaren bozeramailearen eta haren ordezkoaren aldaketaren berri emango dute; hurrenean, talde sozialistak informazio batzordeetan eta erakunde autonomoetan dituen kideen aldaketa ere jorratuko dute.
Gainerakoan, bi kreditu aldaketa, udalaren eta Oarsoadea Garapen Agentziaren lankidetza hitzarmena onartzea, Trintxerpeko Andonaegi inguruko obrak eta han bizi direnentzako diru laguntzak izango dituzte aztergai. Azken lau puntuek udal langileekin dute harremana; azken aztergaia galdera-eskeena da.