Aizpea Otaegik gutuna bidali dio Oscar Puenteri
Renferen garraio-zerbitzuaren kaskartzearen ondorioz, alkateak egoera iraultzeko neurriak hartzea eskatu dio Espainiar Gobernuko Mugikortasun Iraunkorreko Ministroari.
Azken hilabeteotako Renferen garraio-zerbitzuaren kaskartzearen harira, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik gutuna bidali dio Oscar Puente Espainiar Gobernuko Mugikortasun Iraunkorreko Ministroari. Gutunean egoeraren larritasuna aintzatesteko, aurre egiteko neurriak eskatu eta bide eman die udalean martxoko osoko bilkuran onartutako mozioko konpromisoei.
Gutuna Gipuzkoan Brinkola-Irun aldiriko trenaren egoera aztertuz hasi du alkateak. Harentzat, ezinbesteko zerbitzua da “garraio iraunkorra, irisgarria eta unibertsala” eskaintze aldera. Bada, zerbitzuak 2017a geroztik bizi dituen murrizketak aipatu ditu, eta zer suposatzen duten Donostia-Irun ardatzean bizi den biztanleria kopuru handiarentzat. Bai Errenteria-Irun norantzan ezarri den noranzko bakarrak, bai trenen matxura ugariek, azken bi hamarkadetan trenen azpiegituran eta sarean egindako inbertsioak urriak izan direla adierazi du.
Bestetik, zerbitzua murriztu ez eta, gainera, sarri Renfek aldez aurreko abisurik gabe zerbitzua bertan behera utzi ohi duela mahaigaineratu du. Gauzak horrela, inguruko milaka biztanlek bizi duten egoera “larritasunez helarazi” nahi izan dio, eta bide eman iragan martxoaren 26an Errenteriako Udaleko osoko bilkurak onartutako mozioari. Egoerari buelta emateko neurriak hartu eta, honenbestez, zerbitzuaren maiztasun zein ordutegiak “urgentziaz” berrezartzeko eskatu dio Puenteri, osoko bilkuraren izenean.
Hona hemen, jarraian, alkatearen gutuna hitzez hitz:
Ministro jauna:
Brinkola-Irun linea estaltzen duen Donostiako aldiriko zerbitzua dela-eta jotzen dut zugana. Zerbitzu hori Gipuzkoan garraio iraunkorra, irisgarria eta unibertsala eskaintzeko funtsezkoa bada ere, azken urteetan garraio honen erabiltzaileek zerbitzua gainbehera nola datorren ari dira ikusten.
2017az geroztik etengabeak izan dira murrizketak zerbitzuan. Irun-Donostia ardatzean, gipuzkoar errealitatearen barruan, biztanle-kopuru handia bizi den eremu batean- gure udalerria, Errenteria, eremu horretan dagoelarik- trenen murrizketa nabarmena izan da.
Murrizketa batzuk, Errenteria eta Irun arteko zatian noranzko bakarra ezartzearen ondoriozkoak dira, baina Irun eta Brinkola arteko linean matxurak ere ugariak dira, azken bi hamarkadetan, bai azpiegituran, bai trenen sarean egin diren inbertsio urrien ondorioz.
Gainera, murrizketa horiek askotan ez dira aldez aurretik jakinarazten eta, beraz, zerbitzuaren baliagarritasunik ezari (zerbitzua gutxitzearen ondorioz) gehitu behar zaio zerbitzuarekiko konfiantza-galdera erabatekoa, helmugara garaiz iristeko bermerik ez dagoelako.
Datu esanguratsu gisa esan nahi dizut, Lezo-Errenteria eta Irun arteko tartean noranzko bakarra ezarri denetik, 42 tren gutxiago dabiltzala egunero Gasteiz-Donostia-Irun bitarteko distantzia ertaineko zerbitzuan. Bestalde, 2016. urtean Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu eta erdi behar bazen, 2017tik aurtengo apirilaren 29ra ordu eta 45 minutu beharrezkoak zirela, eta apirilaren 29tik aurrera gutxienez bi ordu.
Gauzak horrela, milaka erabiltzailek jasaten duten egoeraren larritasunaz dudan kezka adierazi nahi dizut. Kezka orokor hori nabarmen geratu zen joan den martxoaren 26an, Errenteriako Udalaren osoko bilkuran, zeinaren buru izateko ohorea dudan. Bertan mozio bat onartu zen zerbitzuaren ardura duten erakundeei eskatuz beharrezko neurriak har ditzatela eta beharrezko baliabideak erabil ditzatela zerbitzuaren gainbehera geldiarazteko; baita zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak urgentziaz berrezartzeko, bai aldiriko zerbitzuan, bai distantzia ertainean, Renferen garraio-zerbitzua berriz ere Gipuzkoan mugikortasuna jasangarria, bidezkoa eta unibertsala izan dadin ezinbesteko eragile. Eskaera, beraz, Udalaren osoko bilkuraren agindua betez helarazten dizut.
Aldez aurretik zure laguntza eskertuz, zure esanetara naukazu behar duzunerako.
Errenterian, 2024ko maiatzaren 24an.
Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteriako alkatea.