'Imanol lau haizetara' ikuskizuna, igandean Lekuonan
Landarbaso eta Kontari abesbatzek Imanol Lartzabal abeslariaren errepertorioan oinarritutako kontzertua emango dute.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/05/imanol.png)
Ikuskizun handia prestatu dute iganderako (hilaren 26rako) Landarbaso eta Kontari abesbatzek. Imanol lau haizetara izenburupeko kontzertua emango dute Lekuona Fabrikan, 20:00etan hasita. Imanol Lartzabal abeslariaren kantutegian oinarritutako saioa izango da, hainbat gonbidaturekin. Gainera, EITBk emanaldiaren grabazioa egingo du, aurrerago emititzeko. Sarrerek 10 euroko prezioa dute, eta Errenteriako Udalaren sarrera salmenta zerbitzuaren bidez, nahiz Lekuonan bertan eros daitezke.
Landarbasoren zuzendari Iñaki Tolaretxipi izanen da, eta Kontariko gaztetxoen gidari Maddalen Dorronsoro; azken abesbatza horren bakarlari bezala Anne Barron ariko da. Imanolen abestien moldaketak Joxan Goikoetxeak egin ditu. Oholtzan, ordea, ez dira bakarrik izango herriko bi abesbatzetako kideak. Izan ere, Leire Martinezek ere ekarpena egingo dio ikuskizunari, eta musikari entzutetsuak ere jasoko ditu Lekuonak, tartean direlarik Joxan Goikoetxea bera, Txema Garces, Iosune Marin eta Roberto Pacheco.