Irabaziz hasi du Andoni Dominguezek aro berria
Aurten Supersport 300 kategorian ari da lehian 15 urteko motor gidari lezoarra. Jerezen egindako lasterketa irabazi zuen joan den asteburuan.
Dominguez, Jerezen irabazi ondoren.
Jauzia egin du aurten Andoni Dominguez motor gidariak. Zirkuitu laburretako Supermotard kategoriatik, zirkuitu handietako Supersport 300era. 15 urte bete berri ditu, eta kategoria horretan gehienak lezoarra baino zaharragoak dira. Edonola ere, berehala egokitu da maila berri horretara, Espainiako Koparen barruko bi lasterketa jokatu direnean batean seigarren izan delako (Valentzian, Herrialde Katalanak), eta bestean irabazle. Joan den asteburuan eskuratu zuen kategoriako lehen podiumaren koska gorena Dominguezek, Jerezko (Andaluzia, Espainia) Angel Nieto zirkuituan. Bi proba horien ondoren Espainiako Kopako sailkapen nagusian bigarren da motorrean azkar ibiltzea besterik nahi ez duen gaztea.
Lehia horretako bi jardunaldi pasata, beste lau izango ditu aurretik Dominguezek. Hurrena, ekainaren 8-9an Cartagenako (Murtzia, Espainia) zirkuitukoa. Irailaren 16an da seigarren eta azken lasterketa, Nafarroako Los Arcosen.
“Azkar hartu dio kategoriari erritmoa”, esan du Goio Dominguezek, Andoniren aita eta aldi berean txofer, mekaniko, eta orotariko laguntzaile denak. “Prest gaude goiko posizioetan izateko”, berretsi du. Alta, adinari begira kategoriako gazteenetakoa izateaz gain, aurrekontu aldetik mailako xumeenetakoa dutela adierazi du aitak. Horregatik, eskerrak eman dizkie laguntzen dituzten guztiei, eta nahi duten babesleek euren izenak 44 zenbakidun motorrean jar ditzaketela gogorarazi du. Lezoko Udalari ere lagun dezala eskatu dio Goio Dominguezek.
