Errenteriako palistek gertu dute Herriartekoaren finala
Errenteriarrak abantaila argiarekin iritsiko dira finalerdietako itzulerako partidetara, nagusitasunez gailendu baitziren ostiralean Donostiako taldearen aurka.
Errenteriako larruzko paletako eta pala motzeko taldeek eskura dute Herriarteko txapelketako finalerako sailkapena. Ostiralean finalerdietako joaneko norgehiagokak jokatu zituzten errenteriarrek Agustina Otaola pilotalekuan Donostiako taldearen aurka, eta nagusitasunez gailendu ziren bi partidetan.
Larruzko paletan Eskisabelek eta Rubenek 35-26 irabazi zietan Donostiako Brosa eta Amianori. Errenteriako bikoteak oso partida serioa jokatu zuen hasieratik bukaerara, eta bere egin zuten garaipena. Pala motzean ere garaipena etxean geratu zen. Yorel eta Abel alde handiarekin nagusitu ziren Astrain eta Navarro aurkarien kontra (40-20). Errenteriarrek ez zieten aukerarik eman donostiarrei, eta erraztasunez lortu zuten partida aurrera eramatea.
Errenteriako taldeak abantaila argia lortu du kanporaketa bere egiteko, 2-0eko partzialarekin eta 29 tantoko aldearekin ekingo baitiete itzulerako partidei. Finala gertu dute.
Gomazko paleta
Gomazko paletako modalitateko palistek ez zuten zorte bera izan, eta Herriartekotik at geratu dira. Ostiralean final-zortzirenetako itzulerako partidak jokatu zituzten Itziarren Zestoako taldearen kontra, eta 4-2ko partzialarekin, agur esan diote txapelketari.
Eneko Arruabarrenak 20-17 galdu zuen banakakoan kantxa osoan; Maneirok eta Aizkorretak ez zuten aukerarik izan binakakoan (20-2); eta Arregik lortu zuen garaipen bakarra, 16-20 gailendu baitzen banakakoan, 7. koadroaren barruan. Errenteriarrek, hortaz, 2-1 galdu zuten Itziarren, Agustina Otaolan bezalaxe, eta Zestoa da final-laurdenetan izango den taldea.