Familia Lagunekin Su-artean topaketa, "aparta"
11 Kolore jaialdiaren barruan antolatu zuten topaketa gastronomikoa, Txintxarri elkartean. Senegaleko, Marokoko eta Euskal Herriko jakiak prestatu zituzten.
Ostiralean, 11 Kolore jaialdiaren barruan, Elkarrekin Kooperatiba Txikiak Familia Lagunekin Su-artean topaketa gastronomikoa egin zuen Txintxarri elkartean. Jatorri ezberdineko 70 lagun bildu ziren elkartean, eta horien artean Familia Laguna programan parte hartzen duten hainbat familiak hartu zuten parte. Antolatzaileek azaldu dute “elkar ezagutzarako” eta “gozamenerako” topaleku “aparta” sortu zutela.
Txintxarrin bildutakoek hiru herrialde ezberdinetako errezeten prestaketa ikusi, ezagutu eta dastatzeko aukera izan zuten. Lehen platera Senegaleko Ceebu Jën arroza izan zen; bigarrenerako Marokoko kuskusa kozinatu zuten; eta postre euskaldun bat prestatu zuten azkenik: pantxineta. Hiru jakiak Familia Laguna programan parte hartzen duten kideek kozinatu zituzten.