Auzokonposta egiten dutenen balorazio bilera, asteartean
Iazko maiatzetik aurtengora jasotako datuen berri eman, eta zertan hobe daitekeen aztertuko dute. Lezon 67 familia daude auzokonpostaren egitasmoan.
Lopeneko auzokonposta gune berritua. Iazko maiatzetik aurtengora arte egindako bidearen balorazioa egiteko, Lezoko Udalak herrian auzokonposta egiten dutenak batzarrera deitu ditu hilaren 28rako (asteartea). 18:30ean hasiko da topagunea, Kultura Aretoan. Aurten hamar urte beteko dira herrian hondakin organikoak kudeatzeko auzokonpostaren aukera martxan dela.
Egun, herriko 67 familia ari dira auzokonposta lantzen. Horretarako bost gune daude herrian, Andreonekoa (hamasei familia dira bertako erabiltzaile), Aralarkoa (hamazazpi familia) Arretxene-Txulotxokoa (hamabost familia), Altamira (sei familia) eta Lopene (hamahiru familia). Hala, horien jardunari esker berotegi efektuko gasen isurketa hein batean murriztea lortze ari da herria, eta gainera, hondakin organiko horietatik sortzen den ongarri naturala udal langileek lorezaintza lanetarako erabiltzen dute.
Azken urteko emaitzen berri emateaz gainera, konposta egiteko prozesuan zertan hobe daitekeen aztertuko dute batzarrean.
