Renferen zerbitzuaren "gainbehera" geldi dadila eskatu du Mikel Arruti alkateak
Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun ministro Oscar Puenteri gutuna bidali dio Lezoko alkateak.
Lezo-Errenteria geltokia. Adif Gipuzkoako trenbidean egiten ari den lanek, eta ondorioz Renferen aldiriko nahiz ibilbide ertaineko trenek bizi duten egoerak kezka eragin du gipuzkoarren artean, baita agintarien artean ere. Zentzu horretan, Mikel Arruti Lezoko alkateak gutuna bidali dio Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun ministro Oscar Puenteri, zerbitzu hori hobetzea premiazkoa dela azalduz, eta horren “gainbehera” salatuz.
Egoera “larria” dela azaldu dio alkateak Puenteri ostiralean bidalitako gutunean. Hala, Irun-Brinkola zatian inbertsio ezari erreferentzia egin dio Arrutik agirian, eta bestetik, zati horretan zerbitzuen maiztasuna eta ordutegiak hobetzea eskatu du. “Milaka gipuzkoarrentzat funtsezkoa da azpiegitura hau, baina azken bi hamarkadetan ez da inbertsiorik egin”.
Kezka zenbakietara eraman du alkateak. Zehaztu du 2017ko urtarrilean aldiriko zerbitzuek, Irun-Brinkola zatiko bi noranzkoetako bakoitzean 40 tren zituztela eguneko; aurtengo apirilean 22 inguru izan dira. Murrizketa horrez gain, bidaien iraupena nabarmen handitu dela azaldu du Arrutik, eta puntualtasuna bera ere dezente okertu egin dela. Murrizketa eta maiztasun nahiz puntualtasun ezak harreman zuzena du Gaintxurizketako tunelaren zabaltzearekin, eta Astigarraga-Irun zatian egiten diren hirugarren burdinbidearen obrekin.
Alkateak oroitarazi du urtarrilaren 25ean Lezoko udalbatzak mozioa onartu zuela, gaian ardura duten erakundeei eskatzeko zerbitzuaren gainbeheraren etetea. Aldi berean, EH Bilduren alkateek duela bi aste agerraldia egin zuten, gipuzkoarrak izaten ari direlako kaltetu lan horien ondoriozko atzerapen, zerbitzu murrizte, eta bestelako eragozpenekin.
