Bost igande, bost emanaldi
Ekaina hilabete bizia izango da udal txistularientzat, bost emanaldi eskainiko baitituzte. Lehena ekainaren 2koa izango da: Alaberga auzoko bazterrak girotuko dituzte, 09:00etatik aurrera.
Hilabete bizia izango du Udal Txistulari taldeak. Ekainak bost igande ditu, eta denetan izango dituzte emanaldiak. Lehena igande honetan (ekainak 2) izango da. Udal txistulariek diana eskainiko dute Alaberga auzoan. 09:00etan irtengo dira udaletxetik, eta Alabergako bazterrak alaitu ondoren, udaletxean bukatuko dute ibilbidea, ohi bezala.
Bigarren hitzordua ekainaren 9an izango dute, eta Pontika auzoan ibiliko dira. 09:00etan jarriko dira martxan udaletxetik, eta Pontika musika doinuez blaitu ondoren, udaletxean bukatuko dute ibilbidea.
Ekainaren 16an, aldiz, Agustinak auzoan arituko dira txistulariak. 09:00etan abiatuko dira Gaztelutxotik, eta Agustinetako kaleak girotu ondoren, udaletxean bukatuko dute saioa.
Ekainaren 23a San Juan bezpera da, eta ohiturari helduz, udal txistulariek Soka dantza joko diete Herri Arte Eskolako dantzariei. 19:00etan Herriko plazan izango dira, eta 20:00etan, Pontikan.
Azken emanaldia ekainaren 30ekoa izango da, eta txistulariek Gaztaño auzoa hartuko dute. 09:00etan hasiko dira udaletxetik, eta Gaztañoko txokoak alaitu ondoren, udaletxean bukatuko dute ibilbidea.