Errugbia kalera aterako dute hilaren 31tik ekainaren 8ra
Orereta Errugbi Taldeak eta Oarsoaldeko Errugbizaleak Elkarteak Errugbiaren I. Astea antolatu dute. Errugbia ezagutarazi nahi dute, eta egitarau oparoa osatu dute horretarako.
Orereta Errugbi Taldeak eta Oarsoaldeko Errugbizaleak Elkarteak Errugbiaren I. Astea antolatu dute Errenteria-Oreretan. Errugbiaren bueltako jarduerak hilaren 31tik ekainaren 8ra bitartean gauzatuko dira. Egitasmoaren helburua da kirola eta errugbi taldea ezagutaraztea, eta egitarau oparoa osatu dute errugbiaz gozatu ahal izateko eta bere baloreak herriko bazter guztietara iristeko. 1980ko hamarkadan existitu zen errugbi taldea birsortzeko proiektuak aurrera darrai.
Errugbiaren maitaleak ostiralean (hilak 31) jarriko dira martxan. Euskalerriko Errugbi Eskola Independentea zenaren eta bere baitan aritu ziren taldeen argazki, dokumentu eta objektu historikoen erakusketa bat irekiko dute Torrekuan. Ekainaren 8ra arte bisitatu ahal izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Astebururako, bi hitzordu programatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, larunbatean (ekainak 1) Kaputxinoetako festetan izango dira. Errugbi ginkana bat egingo dute Fuentepelayo plazan, 17:00etatik aurrera. Bestalde, igandean (ekainak 2) ohiko entrenamendu irekia egingo dute Fanderiako futbol zelai txikian, 12:00etatik 13:30era. Adin guztiei begirako saioak prestatzen dituzte.
Errugbiaren bueltako jarduerek datorren astean izango dute jarraipena. Ekainaren 5ean, asteazkenarekin, Errugbiaren aurpegiak hitzaldia eskainiko dute Xenpelar Etxean, 19:00etan. Saio horretan errugbiaren inguruan izandako esperientzien inguruan arituko dira Lea Etxebarrieta Biok Txingudiko kapitaina, Andoni Susperregi Ohorezko Mailako epailea, Erika Pasenau Sorgazteak taldeko kidea eta Gipuzkoako Selekzioko emakume gazteen teknikaria eta Arrate Otaño Bera Bera-Ordiziko jokalaria eta Gipuzkoako Selekzioko emakume gazteen teknikaria.
Bigarren asteburuaren atarian, gazteenek errugbiaz gozatzeko aukera izango dute, ekainaren 4an eta 6an, Errenteriako Udal Ludoteketako partaideekin jokoak egingo baitituzte. Topaketak Beraungo Pablo Sorozabal plazan eta Markolako frontoian izango dira.
Tokatak eta partidak
Ekainaren 8ko eta 9ko asteburuan Errugbiaren Astearen azken txanpari ekingo diote. Ekainaren 8an, larunbatarekin, errugbizaleek Lehendakari Agirre plaza hartuko dute Errugbi Street topaketa egiteko. Bertan, bost jokalariko tokatak jokatuko dituzte. Tokatak plakaketarik gabeko partidak dira. Osatuko dituzten zelaien ondoan arauak azaltzen dituzten biñetak izango dira ikusgai, ikusleek unean uneko azalpenak jaso ditzaten. Topaketa 11:30etik 13:30era bitartean izango da.
Errugbiaren I. Astea ekainaren 9an, igandearekin, itxiko da Beraungo Mikel Odriozola estadioan. Gipuzkoako 10, 12 eta 14 urtez azpiko mailetako hainbat taldek partida erakustaldiak jokatuko dituzte. Txapelketa itxia izango da. Lehiak 12:00etan hasiko dira.
Xabier Sanchez Agirregomezkorta da Errugbiaren Asteko koordinatzailea, eta adierazi du errugbiak Oarsoaldean jarraitzaileak dituela, eta beren interesekoa izango den jardueraren bat topatuko dutela prestatu duten egitarauan. Horrez gain, babesleek emandako “konfiantza” eskertu du: “Zaila da horrelako proiektu bat martxan jartzea, baina pozgarria da ikustea herriko merkatari txikiek eman diguten bultzada”.
- Maiatzaren 31tik ekainaren 8ra: Orereta Errugbi Taldeko eta EREIko argazki eta dokumentu historikoen erakusketa, Torrekuan. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara ikusgai.
- Ekainak 1: Errugbi ginkana Kaputxinoetako festetan, Fuentepelayo plazan, 17:00etan.
- Ekainak 2: Entrenamendu irekia, Fanderiako futbol zelai txikian, 12:00etan.
- Ekainak 5: Errugbiaren aurpegiak hitzaldia, Xenpelar Etxean, 19:00etan.
- Ekainak 8: Errugbi Street topaketa, Lehendakari Agirre plazan, 11:30etik 13:30era.
- Ekainak 9: Eskolen topaketa, 10, 12 eta 14 urtez azpiko mailen partidekin, Beraungo futbol zelaian, 12:00etan.