Palestinaren aldeko doinuak, larunbatean Niessenen
OarsoMusikak Palestinaren aldeko elkartasun jaialdi bat antolatu du hilaren 1erako. Hainbat artista igoko dira oholtzara, eta irabaziak Orereta Palestinarekin Herri Dinamikari igorriko dizkiote.
OarsoMusika Elkarteak Palestinaren aldeko elkartasun jaialdi bat antolatu du larunbaterako (ekainak 1). Oarsoaldeko hainbat artista igoko dira Niessen Kulturguneko oholtzara. Jaialdiaren helburua da Palestinako herria jasaten ari den sarraskia salatzea, eta ateratako dirua Orereta Palestinarekin Herri Dinamikari igorriko diote. Elkartasun topaketa 18:00etan hasiko da, eta hiru orduko iraupena izango du. Adin guztiei begirako programazioa ondu dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute barra jarriko dutela edariekin. Emanaldiak zutik eta eserita jarraitzeko aukera izango da.
Sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta Kultura Kreaktiboaren webgunean edo Arkaitza tabernan eskura daitezke. Arkaitzako sarrerak hilaren 30eko 20:00ak arte erosi ahal izango dira, eskudirutan. Webgunekoak, aldiz, ekainaren 1era arte lortu ahal izango dira. Horrez gain, emanaldiaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Niessen Kulturguneko leihatilan, 17:00etatik aurrera.
Honakoak dira artista parte hartzaileak:
- Hatxe + Karim, teklatua, gitarra, djarbuka eta dantzariak.
- Ilargi, Lezoko bakarlaria.
- Puto Yanu & DJ Artie, rapa.
- The Bedbreakers, bertsio akustikoak.
- Arkaitz Miner + Julen Etxegarai, Korumna eta metal abesti bat biolarekin.
- Ibon Huarte, Kukai Dantza Taldeko dantzaria.
- Txintxetilla, clowna.
- Neka ta Artola, txalapartariak.